"Une politikoa, zaila bada ere, esperantzaz beterikoa da"

Iñigo Terradillos 2015ko mai. 29a, 19:23

Maiatzaren 19an irten zen Mikel Egibar zizurkildarra Zuerako espetxetik, orotara 9 urte eta erdiko espetxe zigorra bete ostean. 18/98 auzian izan zen zigortua Xaki atalean. Oraindik egoera berrira egokitzen ari da, eta etorkizunari itxaropenez begiratzen dio.

Pasa den astean geratu zinen aske. Nola sentitzen zara?
Kaleko errealitatearen abiaduran murgilduta erabat. Banoa poliki ohitzen. 

Itxaropentsu zinela aipatu zenuen aske geratu zinen egunean. 
Espetxetik ateratzerakoan badago halako filtro bat, dena larrosa ikusteko joera bat. Askatasunak ematen duen mozkorraldi moduko bat da. Euforia horretatik aterata, une politikoa zaila badago ere uste dut itxaropentsu dagoela. Espetxean komunikazio egoera nahiko gogorra da, baina ditudan datuen arabera, benetan uste dut herri hau urratsak ematen eta asmatzen ari dela, orain arte jorratu ez diren bide berriak landuz. Bide horiek fruituak emango dituztelakoan nago. Iritsiko gara nahi dugun portura.

Nola gogoratzen duzu aske geratu zineneko eguna?
Izugarria da. Pentsa ze kontrastea den patioan egotea kideez inguratuta eta bat-batean esatea 'Egibar kanpora' eta maite duzun jendearekin elkartu eta besarkatzea. Emozionalki oso momentu gogorra da, pozez betetakoa, baina gogorra. Nahasten dira gauza asko: oroimenak, atzean utzitako urteak, bat-batean deskubritzen duzu belaunaldi berriak hazi direla eta aktiboak direla... Familia eta lagunak izan ziren eta egun osoa eman genuen Nafarroa garai inguruan, eta lagundu zidan lurra zapaltzen. Herrian egin zidaten harrera gero oso ongi etorri zitzaidan, izugarria izan zen harrera, ze jendetza etorri zen eta ze ondo zegoen prestatua guztia. Urte hauetan barruan izan ditudan emozio horiek une berean kontzentratuta. Horixe izan zen. 

Elkarrizketa guztia, audioan

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!