Gipuzkoa bertsotan

Bost buru irailera begira

Itzea Urkizu Arsuaga 2015eko maiatzaren 28a

Asteburuan Gipuzkoa Bertsotan faseko saioa izango da Zizurkilen

Maiatza hasieran abiarazi zutenez geroztik, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea aurrera doa, irailetik gero eta gertuago. Asteburuan eskualdeko bost bertsolari ariko dira kantuan, dagokien saioan, eta puntuazioak batu zain geratu beharko dute, Gipuzkoa Bertsotan fasetik txapelketarako jauzia emateko dituzten aukerak ezagutzeko.

Mikel Artola alegiarrak jada bi saio eginak ditu eta, beraz, zenbait bertsolariren aldean puntu gehiago eskuratzeko aukera izan du. Hala ere, batez besteko puntuazioak aterata, 74 bertsolariren artetik hirugarren puntuazio onena du. Ondo bidean, beraz, datorren irailaren 20an hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartzeko moduan izango da Artola.

Zizurkilen saioa

Imanol Irazustabarrena eta Oihana Iguaran kantatzen lehenak izango dira, asteburuan, Tolosaldeko bertsolarien artetik. Horrela, biek ala biek arratsaldeko saioei dagozkien lanak egin beharko dituzte, Oñatin eta Zumaian, hurrenez hurren.

Orain arte egindako lanari begira jarriz, Irazustabarrena alegiarra 52. postuan da Gipuzkoa Bertsona faseko behin-behineko sailkapenean eta, Oihana Iguaran amasarra, berriz, 11. postuan dago. Ikusi egin beharko da arratsaldeko lanek zein gora-behera sortzen dizkien puntuazioan.
Igande goiza izango du, Adur Gorostidik, bigarren saiorako eguna, eta Usurbilen ariko da; 34. postuan dago, gaur egun.

Bere aldetik, Haritz Mujikak ere Usurbil izango du plaza, eta ahaleginak egingo ditu 50. postu

horretatik goruntz egiteko.
Asteburua biribiltzeko, Gipuzkoa Bertsotan eskualdera bertaratuko da, izan ere, Zizurkilen jokatuko dute igande arratsaldeko bi saioetako bat. Beñat Iguaran ariko da bertan, eta orain arte egindako lan txukuna hobetu beharko du arratsaldeko ariketetan; bosgarren sailkatua da oraingoz.

Sarrera guztiak aretoetan bertan eskura daitezke, 10:00etan eta 12:00etan, 6 euroan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!