Herria ezagutuz hasiko dute Maiatza Saltsan

Ataria 2015eko maiatzaren 6a

400 pauso Zizurkil ezagutuz ekimenaren baitan lau ibilbide prestatu dira herria ezagutzeko eta larunbatean egin ahal izango dituzte herritarrek

Hiribildu titulua lortu zuela 400 urte bete ziren urtarrilean eta horregatik data hori gogoratuz antolatu dute aurtengo Maiatza Saltsan ekimena Zizurkilen. Herritarrak protagonista hartuta antolatu dira ekitaldi gehienak. Lehenengoa, aurreko apirilaren 28an egin zuten, Hernandorena elkartekoek Zizurkil 1615. Hiribildu baten eraketa liburuxkaren aurkepena egin zuten Atxulondo kultur etxen. Lan horretan jasotakoak paneletan bildu eta hilabete osoan izango dira ikusgai Zizurkil goiko eta beheko kultur etxeetan.

Hilabetearekin jarraitzeko, bihar ostirala, Iriarte tabernan bertso afaria izango da Jexux Mari Irazu eta Iker Zubeldiarekin.

Herri antzerkiarekin batera, aurtengo Maiatza Saltsan ekimenaren osagai nagusia larunbatean egingo duten 400 pauso Zizurkil ezagutuz izango da. Lau ibilbide prestatu dituzte eta goiko nahiz beheko plazetatik aterako dira ibiltariak. Eneko Agirre musherrak 11:30etan Joxe Arregi plazatik egingo du irteera berezia. 13:00etan Pedro Mari Otaño plazan jarri dute helmuga parte hartzaileentzat. Bazkaria norberak eraman beharko du eta udalak mahaiak eta sagardoa  jarriko ditu frontoian. Bazkalostean Gugaz taldearekin erromeria izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!