Alatzne Etxaburua: «Biok joango gara irabaztera eta dena ematera»

Maier Ugartemendia 2015ko mai. 6a, 12:06

Emakumeen arteko apustua jokoan dago. Data, ekainaren 7a; tokia, Zizurkil. Alatzne Etxaburua eta Irati Astondoaren artekoa mugarria izango da herri kiroletan.

Ekainaren 7an, 12:00etan, Alatzne Etxaburua (Tolosa, 1978) eta Irati Astondoaren arteko apustua jokatuko da Zizurkilen. Aizkora eta sega batuko dituen apustua izango da, bietatik egin beharko baitute. Berrogeita bost ontzako lau enbor ebaki beharko dituzte eta jarraian ordubete osatu arte segan egin beharko dute. 2.000 euro jarriko ditu jokoan alde bakoitzak.

Apustua gero eta gertuago dago. Nola aurkitzen zara?
Oraindik hilabete eta erdi daukagu prestatzeko, baina iruditzen zait ondo nagoela. Aizkora oraindik berde samar daukat, baina gogoarekin nago. Ea zer gertatzen den.

Zer moduzkoa izaten ari da apustua egin zenutenetik orain arteko tartea?
Apustua egin genuenean oraindik sei hilabete gelditzen ziren eta urruti ikusten nuen. Aizkora ikastearekin banituen nire zalantzak baina egingo nuela pentsatzen nuen. Gero entrenatzen hasi ginen eta eguna gerturatu ahala iruditzen zait denbora gutxi dela, sei hilabete eskas direla iruditzen zait. Egunerokotasunean gustura nago; entrenatzen ari naiz eta aurrera goazela ikusten dut.

Zer nolako prestaketa eskatzen du horrelako apustu batek?
Neguan polikiroldegira joan eta fisikoa landu dugu, baina batez ere aizkoran ikasten egin dut lan. Aizkorarako teknika eta punteria behar da; arituan ikasten dela diote eta guk hori egin dugu, aritu.

Segarako egiten zenituen entrenamenduetatik desberdinak izango dira, ezta?
Aldaketak aizkoragatik izan dira, baina aldaketa gogorra aizkoratik segara pasatzen zaren unekoa da. Entrenamendu pare bat egin ditut aldaketa horrekin eta sega hartutakoan ez nekien zertan nenbilen. Uste dut lasai hartzeko zerbait izan behar duela. Zorte handia dut laguntzaileekin, nire ustez hoberenak dauzkat. Iñaki Azurmendirekin aritzen naiz aizkoran, Igor Esnaola eta Joxe Gabirondorekin segan. Dena eskura eman didate, eta %80a nire alde egotea suposatzen du.

Aizkorekin zer moduz moldatu zara?
Hasieran trukoa hartuko nuela pentsatzen nuen, baina egunak pasa eta zerotik hasita hobekuntzak ikusten ditut. Baina orain hilabete eta erdi bakarrik geratzen denean, horrenbeste ikusten dut ikasteko… Segan Iratirekin bi txapelketatan lehiatu naizenetan, hogei minutuan aritu naiz. Iratik izugarrizko fisikoa dauka eta horrek ere beldurra ematen dit. Aizkoran ari naiz entrenatzen baina segak ere errespetua ematen dit, zeren hogei minutuan lehiatzean potentziak asko esan nahi du; ni hamabosgarren minutuan jaisten hasten naiz, eta Irati ez. Aizkoratik segara lehenengo pasatzen denak ere, belar puska hori gehiago izango du eta ez da segatik konfiantza puntu batekin hastea bezala.

Nolatan sortu zen apustua egiteko ideia?
Duela bi urte Iratik proposatu zidan apustuarena, baina berak korrika eta segan aritzeko esan zidan. Ni korrika ez naiz ondo moldatzen, behin ere ez zait gustatu korrika egitea, eta horrela geratu zen. Iaz proposamena bota zuen, eta esan nion korrika beharrean aizkoran edo egingo genuela. Eta segituan esan zidan: Bai! Lehenengo proba bat egin genuen, eta moldatuko ginela pentsatu genuen. Orduan esan genuen baietz eta orain komeriak!

Segan elkarren aurka aritutakoak zarete, aurkari ezagunak. Apustuak sortu al du zuen artean lehia?
Ezagutzen gara eta elkarrekin oso ondo konpontzen gara, baina apustuak badu berea. Lehen asko hitz egiten genuen bezala, orain ez dugu horrenbeste hitz egiten; orain tabua bilakatu da. Adibidez, apustua egin behar dugun belardian lehenengo ebaketa segarekin egingo diogu eta hurrengo astean egitekoa dugunez, berari deitu nion hor aritu behar dugunez probatu nahi al duen esateko. Baiezkoa esan zidan eta erabat konforme. Baina, elkarri zer moduz doan galdetu eta ondo besterik ez genuen esaten. Kar, kar, kar... Badu bere xarma apustuaren kontuak. Baina, guztiaren gainetik esan nion ez dugula errietarik egin behar eta guztiaren gainetik lagunak garela. Biok joango gara irabaztera eta dena ematera, baina behin hori pasata dena lehen bezala izan behar da.

Ikusmina sortu al du apustuak?
Baietz iruditzen zait , jendeak asko galdetzen du. Ni herri kiroletan duela lau urte hasi nintzen eta agian ezjakintasunean harrapatzen nau, baina jendeak interesa azaltzen du. Txapelketa kontuekin alderatuta apustu kontuek oihartzun gehiago dute.

Apustuak egiten hasi ote dira? Zeinen alde egongo lirateke?
Ez dakit, baina ikustera joatearekin ere ez da gutxi izango. Ez dakit noren aldekoak izango liratekeen. Egia esan, ni ere ez naiz erabateko konfiantzarekin ikusten. Oraindik hilabete eta erdi geratzen zaigu eta aizkoran hobetuko dudala pentsatu nahi dut, bestela nahikoa lan izango dugu.

Emakumeen artean egiten den mota honetako lehen apustua da honakoa. Mugarria izango al da?
Aizkora eta sega batzen dituen apusturik emakumeen artean behin ere izan ez den kontua entzuten da. Jendea animatuko litzateke? Nik uste dut baietz. Herri kirol munduan saltsa gustatzen da eta neskak ere egunetik egunera gehiago daude: harri tiran, sokatiran… Adibidez, harri tiran lehengo urtean ere bi taldeen artean egin zen desafioa eta aurten ere egingo da. Iaz trontza txapelketan ere Gipuzkoan hiru bikote osatu ziren, Euskal Herrikoan ere dezente daude, aizkoran ere nafar batzuk aritzen dira… Niri iruditzen zait neska dezente dabiltzala. Gure apustuak mugarri izateko balio badu konforme.

Zu ere harri tiran, trontzan, segan eta orain aizkoran aritutako zara. Zer duzu gustukoen?
Gustukoen ez dakit. Segan gustura ibili naiz; gauzak beti ez dira ondo ateratzen, baina beste batzuetan bai eta agian oroitzapen hori hor daukazulako. Harri tiran oso gustura aritzen naiz; gozatu egiten dut, agian talde lana delako edo. Trontzan ere oso gustura aritu nintzen iaz. Eta aizkoran ikasi egin behar! Horrek ematen dizkigu lanak. Saltsa polita da eta ondoan laguntzen dizuna daukazunean, horrek asko balio du.

Nire bikote Xanti Aizpuruak beti aurrera esaten dit, eta babes hori edukitzeak asko laguntzen du. Aiton-amonak umeekin laguntzeko prest daude, amak ere beti joateko esaten dit. Eta hori guztia babes bat da; alde horretatik erabateko erraztasuna izan dut.

Ba al duzu beste zerbait probatzeko asmorik?
Geldituko da zer egina, baina nik uste dut gustura aritzeko aritu beharra daukazula. Teknika minimo bat hartuta dena da polita.

Aurrera begira, zure burua ikusten al duzu beste apusturen batean?
Ez dakit. Oraintxe hau egin, pasa, lasaitu eta ikusiko da zer gertatzen den.

Zerbait gehitu nahi duzu?
Nire aldetik eskerrik asko eman ondoan eduki ditudan guztiei: Igor Esnaola, Iñaki Azurmendi, Joxe Gabirondo, nire bikote Xanti Aizpuruari, gurasoei…

Inguruan denak laguntzeko dauzkat, eta egia esan horiengatik ez balitz badakit ez litzatekeela posible izango. Beti irabaztera joaten gara, eta gauzak ondo ateratzen direnean ez zara egindakoaz gogoratzen, gaizki egindakoan hasten zara bueltak ematen. Ona askotan ez dugu baloratzen. Garaipen guztiak, berriz, anaiari eskainiak dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!