Herritarrek eta herritarrentzat izango da 'Maiatza Saltsan'

Jon Miranda Labaien 2015ko api. 28a, 11:29

Zizurkil 1615. Hiribildu baten eraketa liburuaren aurkezpenarekin hasiko da gaur Maiatza Saltsan Zizurkilen.

Zalantza gutxi izan dute aurten Zizurkilgo kultura batzordean. Urte hasieran Maiatza Saltsan ekimena antolatzeko lehen bilera egiten zutenean, guztiek zuten buruan data: aurten lau mende betetzen dira Zizurkilek burujabetza eskuratu zuela Tolosatik bananduta.

«Azken hamar bat urteetan koherentzia eman nahi izaten diegu Maiatza Saltsanen barruan antolatutako ekitaldiei eta gai baten bueltan antolatzen ditugu ekimen guztiak», nabarmendu du Ainhoa Larrea, Zizurkilgo euskara eta kultura teknikariak.

17 edo 18 urte izango dira Maiatza Saltsan antolatzen dela Zizurkilen. Zehazki esaten ez dakite. «Interesgarria iruditu zitzaigun udaberriaren hasierarekin kultur ekitaldi guztiak hilabete bakar batean kontzentratzea erreferente bat izateko. Gainera, hilabete horretan herrian tradizioa duten festak ospatu izan dira, San Isidro Eguna edo Usurbilekin batera ospatzen zen Andatza Eguna».

Azken urteetan klima aldaketa, Jorge Oteiza, Pello Mari Otaño, El Salvadorreko Meangerarekin duten senidetzea edo kanpotik etorritako zizurkildarrak hartu izan dituzte ardatz. Gaia eta leloa aukeratu eta Maiatza Saltsanen antolatutako ekitaldi guztiak horren jirakoak izan dira.

Alaitz Ormazabal Zizurkilgo kultura zinegotziak aipatu duenez, «aurten zalantza gutxi genuen. Gabonen aurrean ginen kultura batzordean eta data hori buruan hartuta generaman». 400 urte dira Zizurkilek herri aitortza jaso zuenetik, eskualdeko beste herri asko bezala. «Argi genuen zerbait berezia egin nahi genuela. Maiatza Saltsan data horri eskaintzeaz gain, herritar guztien artean osatu nahi izan dugu egitaraua, ospakizun gisa hartuz».

Zer dakigu egiten? Zer eskaini diezaiekegu gure herrikideei? Nola ospatu dezakegu gure burujabetza? Galdera horien bueltan hasi ziren Maiatza Saltsan antolatzen. Ekitaldi nagusia, maiatzaren 16an ospatuko den herri antzerkia izango da. Jatorri, iritzi eta adin askotako herritarrak bilduko dira eta musikaz, dantzaz eta bertsoz jantziko dute ikuskizuna.

Hori baino lehenago beste proiektu bat aurkeztuko dute: 400 pauso herria ezagutuz. «Zizurkil ezagutzeko lau ibilbide prestatu ditugu, luzera ezberdinekoak. Maiatzaren 9an herritarrak gonbidatu nahi ditugu bide horiek egin ditzaten, oinez, korrika, bizikletan... nahi duten eran. Behin paseoa bukatuta, Pello Mari Otaño plazan bildu nahi dugu guztiak elkarrekin. Norberak etxetik eramandako jakiekin bazkari herrikoi bat egingo dugu eta udalak edana eta kafea jarriko ditu», azaldu du Ormazabalek.

Neska Txirrindularien Itzuliaren azken etapa, Loatzoko Musika Bandaren eta Oriokoaren emanaldia, Villabonan egingo den Senidetze eguna, Nerea Barriolaren kontzertua eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren sailkapen faseko saioek osatuko dute, besteak beste, Maiatza Saltsanen aurtengo egitaraua.

«Gutxi asko, 8.000 euro inguruko aurrekontua du hilabete osoko egitarauak. Azken urteetan behera egin du diru kopuruak krisiaren ondorioz, baina hala ere moldatzen gara egitaraua osatzeko», azpimarratu du Larreak.

Herritarrek herritarrentzat osatutako egitaraua izango da aurten Zizurkilen. Ormazabalek hori nabarmendu nahi izan du: «Udaletxetik era honetako ekimenen aldeko apustua egin dugu hasieratik. Iruditzen zaigu ekitaldi politenak herritarren parte hartzearen bidez lortzen direla. Bulego batean erabakitzen direnek normalean ez dute hainbesteko arrakasta izaten. Aitzitik, herritarrek egiten dituzten ekintzek erantzun hobea izaten dute». Aurrera begira bide hori jarraitu nahiko luke Zizurkilgo Udalak.

Maiatza Saltsan

Apirilak 28, asteartea: Zizurkil 1615. Hiribildu baten eraketa liburuaren aurkezpena 19:00etan Atxulondon eta erakusketaren inaugurazioa. Ondoren luntxa.
Maiatzak 8, ostirala: Bertso afaria Iriarte tabernan, Jexuxmari Irazu eta Iker Zubeldia. Prezioa 26 euro.
Maiatzak 9, larunbata: 400 pauso Zizurkil ezagutuz: herria ezagutzeko 4 ibilbide. Oinez, korrika, bizikletan… 13:00etan Pedro Mª Otaño Plazan ibilbidea egiten duten herritar guztien topaketa eta bazkaria Intxaur Frontoian. Ondoren, Gugazekoen kontzertua.
Maiatzak 10, igandea: Herri Urrats.
Maiatzak 12, asteartea: Sormena, sortzeko modu berriak (Plataforma digitalak) hitzaldia, Macarena Sanchez idazlearen eskutik liburutegian 19:00etan.
Maiatzak 15, ostirala: San Isidro Eguna.
Maiatzak 16, larunbata: XVII. Biatloia, 11:00etan Zizurkil Goian. Bazan herri ttiki bat... herri antzerkia 22:30ean Plazan (eguraldi txarrarekin Intxaur Frontoian).
Maiatzak 17, igandea: Neska Txirrindularien Gipuzkoako Birako azken etaparen irteera Zizurkildik.
Maiatzak 21, osteguna: Nigeriar Taldeak eskainitako ikastaroa 18:00etan Atxulondon: trentzak egin, buruko zapiak jarri, haurrak eramateko pareoak jartzen ikasteko ikastaroa.
Maiatzak 22, ostirala: Herriko haurren emanaldia 17:30ean Atxulondon: bertsolariak, Bukalai Dantza Taldea eta Loatzo Musika Eskolako Abesbatza.
Maiatzak 23, larunbata: Orio eta Loatzo Musika Eskolako Banden Topaketa.
Maiatzak 27, asteazkena: Ipuin kontaketa solidarioak, Pedro Mari Otaño ikastetxean.
Maiatzak 28, osteguna: Loatzo Musika Eskolako Talde Instrumentalen kontzertua, 19:30ean Atxulondon.
Maiatzak 29, ostirala: Nerea Barriolaren kontzertua Arantzazuko Amaren Elizan 20:00etan.
Maiatzak 30, larunbata: El Salvadorko Segundo Montes komunitatekoekin Senidetze Eguna Amasa-Villabonan.
Maiatzak 31, igandea: Gipuzkoako Bertso Txapelketako Sailkapen saioa Atxulondo Kultur Etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!