Udalaren kudeaketaz iritzi kontrajarriak

Tolosaldeko Ataria 2015ko api. 24a, 14:59

Lau urteotako udal kudeaketaren balantzea egin dute EAJk eta EH Bilduk. "Aurreko udal taldearen  herentziaren errentetatik bizitzea" egotzi dio hautagai jeltzaleak koalizioari eta kontra egin dio egungo alkateak: "azken zortzi urteetako joera hautsiz, ez dugu mailegurik eskatu legealdi osoan eta erdira jaitsi dugu zorra".

Marian Lazkano, Zizurkilen EAJk aurkezten duen alkategaiak legealdiaren balorazioa egin du eta "oso pobrea" izan dela esan du, "bai kudeaketa mailan eta baita ekimenetan ere". Aurreko legealdian EAJk "diseinatu, adostu eta tramitatu zituen proiektuak eraman ditu Bilduk aurrera eta aurreko taldearen herentziaren errentetatik bizitzea izan da egin duen bakarra".

Joxe Mari Luengo, gaurko egungo alkate eta EH Bilduren hautagaiak eta Nerea Lizarraga alkateordeak ere egin nahi izan dute bukatzear den legealdiaren balantzea. "3,3 miloi euroko zorra zuen Zizurkilek 2011n udal gobernura iritsi ginenean, Gipuzkoako herririk zorpetuenetakoa zen". Ogasun zinegotziak nabarmendu duenez, "gure aurreko udal gobernuak, 2003tik 2010era, urtero-urtero, mailegu bat eskatu zuen, bere ahalmenen gainetik gastatuz; egoera hori ez zen bideragarria".

 Zorraren txikitzea

Udalak zuen zorra 1,7 miloi eurora jaitsi du EH Bilduren udal gobernuak. Marian Lazkano, hautagai jeltzalearen esanetan, "2012tik 2014ra bitartean hirigintza biziberritzearen operazioak sortutako miloi bat eurotik gorako gainbalioak kobratu ondoren lortu du udalak zorra murriztea. Ez da, beraz, Bilduk bere gain hartu nahi duen kudeaketa onaren emaitza izan".

Nerea Lizarraga alkateordeak gogoratu du, udal taldeak legealdi hasietan txoke plan bat prestatu zuela egoera ekonomiko larriari aurre egiteko. Lau neurri hartu zituzten, "zinegotzien dietak kendu genituen, faktura eta kontratu guztiak gainbegiratu genituen, batzordeei %10 jaitsi genien aurrekontua eta inbertsioetarako irizpide bat jarri genuen, diru laguntza sendorik gabekorik ez genuela egingo".

Kezka agertu du EH Bilduk, "zulo handi hau egin eta Udalean funtzionatzeko era hau martxan jarri zuena aurkezten baita berriz ere alkatetzarako, autokritikarik egin gabe". Marian Lazkanok berriz, udal gobernuaren proiektu nagusitzat hartu du hondakinen atez ateko bilketa sistema eta hori "herriaren gehiengo baten borondatearen aurka egin dute, ez zegoen gai batean gatazka sortuz eta Zizurkil herri zikinago batean bilakatuz".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!