‘Zizurkil 1615. Hiribildu baten eraketa’

Jon Miranda Labaien 2015ko api. 24a, 12:48

Asko aldatu da Zizurkil azken 400 urteetan. 1615eko urtarrilean Gaztelako gortearen altxortegiaren zuloa estaltzeko, Felipe II.ak hiribildu titulua saldu zion Zizurkili 3.700 dukaten truke.

XVII. mende hasieran bat etorri ziren erregearen diru gosea eta ordurarte Tolosaren administraziopean zegoen herri txikiaren burujabetza gogoa.

Garai historiko hori ikertzen aritu da Zizurkilgo Hernandorena kultur elkartea eta Pablo Gorosabel historialariaren dokumentuekin egin du topo: «1615ean etxeko jaun bakoitzak 25 dukat ordaindu behar izan zizkion erregeari eta Gorosabelek dioenez, 148 vezino zituen orduan Zizurkilek. Gure kalkuluen arabera, etxe bakoitzean 4 edo 5 lagun bizi zirela kontuan hartuta, esan daiteke garai hartan 600 lagun bizi zirela herrian». Asko aldatu da Zizurkil, gaur egun 3.000 biztanle dituen herria baita.

Batez ere XIX. mende bukaeran trenbidearen eta Oria ibaiaren bueltan sortu ziren industriek erakarrita han bizitzen jarritakoek eta XX.ean zehar jasotako immigrazio olatuak aldatu dute Zizurkilen fisionomia. Herri gunean, ordea, aldaketak-aldaketa populazio beretsua mantendu dute gaur arte; ia duela lau mende bezala, Zizurkil Goian 400-500 lagun inguru bizi dira gaur egun.

Hain justu, egin duten ikerketan, herriaren lehen aztarnak ingurune horretan topatu dituzte Hernandorenakoek. Joxin Azkue elkarteko kideak aipatu duenez, «pentsatzekoa da aspalditik bizi dela gizakia paraje honetan. Horren lekuko da Pagamendi gainean topatu zuten trikuharria. Mendeetan zehar, ordea, abeltzaintza izan zen jarduera nagusia, beraz, horren arabera mugitzen ziren komunitateak udan goiko larreetatik, neguan toki babeseagoetara». XII. mende ingurura arte, ez da komunitate bat gorpuztuko. Garai hartan hasiko dira herritarrak San Millan elizaren inguruan herritarrak asentatzen.

Hain justu, ordukoa da herriaren lehen erreferentzia idatzia. 1190. urtean topatu dute. Iruñeako Gotzainak Baionakoari Gipuzkoako leku batzuk administratzeko eskubidea eskatuz idatzitako gutunean aurkitu dute Zichurchil hitza.

Herriaren historia biltzeko Hernandorena kultur elkarteak egin duen lana osatzeko, herriko artxiboan, Tolosakoan eta Iruñeako katedralekoan aritu dira agiriak begiratzen, baina baita Valladolideko Errege Chancilerrian edota Simancaseko Artxibo Orokorrean ere. Jasotako guztia ordenatu eta 14 ataletara ekarri dute; une jakinak aukeratuz eta kronologikoki ibilbidea egin dute Zizurkilgo historian zehar. Hain zuzen, Zizurkil toponimoaren esanahia azalduz abiatu dute liburua.

Tolosaren babesaren bila

Zizurkil asko aldatu da 400 urteetan eta are gehiago XIV. mendearekin alderatzen badugu. Zizurkil 1615. Hiribildu baten eraketa liburuan kontatzen da nola joan zen osatzen Erdi Aroan herriko gizarte egitura, beti ere hierarkikoki mailakatuta. Zizurkilen Donemillaga familiak zuen nagusigoa eta pribilejio soka luze baten jabe zen. Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezala herritar xehen eta Ahaide Nagusien arteko tentsioa areagotzen joan zen urteen poderioz. «XIV. mendeko jautxoen gehiegikeriek eta garaiko krisiak eraginda, garai hartan garrantzia hartzen ari zen Tolosaren babesa bilatuko dute zizurkildarrek. 1391n erabaki zuen Tolosan auzotzea.

Baina gutxi iraun zien bakeak. «Tolosak hasieran hitzartutakoa baino gehiago ordainarazten ziela esan zuten Zizurkilek eta berarekin batera auzotu ziren inguruko herriek. Harremanak beraz gaiztotzen joan ziren». Hasitako auzibidean Tolosaren aurka jo zuten 14 herrik, baina azkenean hiruek baino ez zioten eutsi hordagoari. Aduna, Alkiza eta Zizurkil, Donostiaren barruan sartu ziren Tolosa utzita. «1450. urtea zen eta esperientzia ez zen uste bezelakoa izan. Elkarte horri, 1475ean eman zitzaion amaiera eta egindako hankasartzeagatik, umil-umil barkamenak eskatu eta Zizurkilek berriz ere Tolosan auzotzea erabaki zuen», aipatu du Joxin Azkuek.

Ordutik XVII. mende hasiera bitarteko epea oparoagoa izan zen, besteak beste ekonomiaren aldeko haizeak bultzatuta. Herri nortasuna sendotu zuen Zizurkilek eta burujabe izateko gogoa pizten hasi zitzaion. «Kexa ugari aurkeztu zizkion herriak Tolosari baina auzibide guztiak bere horretan bukatzen ziren Tolosako alkatea, aldi berean, epailea ere bazelako». Batzar Nagusietan zizurkildarrek ez zituzten beren interesak behar bezala ordezkatuta ikusten. Azkenean, 1615ean Felipe II.a erregearen diru premiak bultzatuta, hiribildu titulua lortzeko aukera izan zuen Zizurkilek.

Herri baten eraketa

Hiribildu titulua jaso eta hurrengo urteak erabakiorrak izan ziren Zizurkilen eraketan. Momentu horretan abiatzen da maiatzaren 16an herritarrek antzeztuko duten Bazen behin herri ttipi bat... herri antzerkia. Herria eratu zeneko epe horrekin bukatu nahi izan du Hernandorena kultur elkarteak liburua. 1631n, Batzar Nagusietara ordezkari bakarra bidaltzeko kostuari aurre egin ezinik, Zizurkilek Zubiberria izeneko elkartea eratu zuen Amasa eta Anoetarekin batera eta 1649an Aiztondoko Alkatetza Nagusian batu zen Adunarekin eta Alkizarekin.

«XVIII. mende erdi aldean, dagoeneko, Zizurkil hiribildua nahiko egituratuta dagoela esan daiteke. Herriak bere bidea hartu du, bakarrik, Batzar Nagusietara joateko. Heldutasun horrek udal-ordenantza osatzera eta idaztera eraman zuen eta gaur egun ezagutzen dugun udaletxea ere ordukoa da. XVIII. mende hasieran eraiki zuten». Herri gehienek zuten eta Zizurkili falta zitzaion gauza bat onartu zuten 1768an: armarria.

Gauzak asko aldatu dira Zizurkilen azkeneko lau mendeetan eta besteak beste 1768ko armarri hori ere aldatu dute. Hain justu, Hernandorena kultur elkarteak egindako ikerketa lan bat oinarri hartuta eta herritarren parte hartzearekin onartu zuten armarri berria 2014an.

Eta oraingoan ere antzera. Zizurkil 1615. Hiribildu baten eraketa liburuan kontatu dena abiapuntutzat hartu eta izaera guztietako zizurkildarrek bat egingo dute Bazen behin herri ttipi bat... herri antzerkian. Zizurkil aldatzea, urte guztiotan bertan gertatutakoa berritzea baita.

Hernandorena kultur elkartean, herritarrak historiagile

Dozena erdi herritar biltzen dira Hernandorena Kultur Elkartean. Herriko historia ikertzea dute gustuko eta langintza horri eskaintzen diote denbora. Historiaren dibulgazioan aritzen dira eta aitortzen duten bezala «gure bezeroa herritar xumea da, Zizurkilgo historiari buruzko jakin-mina duena eta kontu zahar batzuek atseginez irakurriko dituena». Herriko hainbat pasarte interesgarri edo proposatutako lanak ematen dituzte argitara. Baina proiektu mardulagoetan ere murgildu izan dira. Azkeneko urteetan gai bat sakonean aztertu eta maiatza bueltan liburuxka kaleratzen dute. Pello Mari Otañoren irudia berreskuratu zuten duela pare bat urte eta armarriaren historia ikertzen ere jardun zuten. Aurten, herriak burujabetza lortu zuela 400 urte betetzen diren honetan, hiribilduaren eraketa nolakoa izan den aztertu dute. Zizurkil 1615. Hiribildu baten eraketa liburuxkan. Etxez etxe banatuko dute datozen egunotan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!