Zizurkilgo EH Bilduk merkataritza sustatzeko plana proposatu du

Ataria 2015eko apirilaren 22a

Merkataritza sustatzeko zerga eta tasetan hobariak proposatu ditu EH Bilduko zerrendaburu Joxe Mari Luengok. Astero, Joxe Arregi plazan, baserritarren azoka jartzeko aukera aztertuko dute.

Herri bizi bat eraikitzeko, merkataritza txikia ezinbestekoa dela iritzita, proposamena plazaratu du EH Bilduk. "Legealdi honetan plaza berritu eta aparkalekuak txukundu eta antolatu ditugu, orain unea da merkataritza sustatzeko", adierazi du Joxe Mari Luengo zerrendaburuak.

Zerga eta tasen arloko hobarien bidez merkataritza sustatzea da helburua. "Beste herrietako esperientzietatik ikasiz, plan bat zehaztea ezinbestekoa ikusten dugu helburu horrekin. Udalak bidelagun izan behar du herrian komertzio bat ireki nahi duenarentzat", nabarmendu du Luengok.

Azokaren aukera

Esandakoaren bidetik, Zizurkilen asteroko azoka egin ote litekeen aztertzea proposatzen du koalizioak. "Baditugu beste azoketara joaten diren herriko baserritarrak; lehenengo eurekin hitz egin beharko genuke. Plazan aurten estalpea jarriko dugunez, azokarako gune egokia izan daitekeela iruditzen zaigu", dio Luengok. Komertzio txikiaren aldeko apustu garbia egiten du EH Bilduk, "merkataritza iraunkorra eta gertukoa da guk sustatu nahi duguna eta gure herri programan jaso duguna".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!