Hamar urte bidaiatzeko ametsari eragiten

Naiara Roldan de Aranguiz 2015ko api. 12a, 12:00

Amalur Jardunaldiek aurten urte borobila betetzen dute: hamarraldia. Hamar urtez aritu dira antolatzaileak bidaiatzeko ametsari eragiten; hitzaldi, proiekzio, hizlari, herrialde, bidaia mota egokiak aukeratzeko ardura izan dute haiek. Entzuleek berriz, Topic-eko eserlekuetan eseri eta irudimena aske uzteko eginbeharra izan dute ediziotik ediziora.

Hamar urte hauetan bidaia franko egiteko aukera eskaini da; irudimenarekin bidaiatuz edo bidaiak prestatzeko harra piztuz. 2006n hasita, urtetik urtera kultura edota txoko bat aukeratu dute antolatzailek eta hori aitzakia hartuta goi mailako hizlariak izan dira Tolosan paraje horien berri emanez. Hamar urtetan ia 30 pertsona igaro dira Tolosatik euren bidaia kronikak plazaratuz. Punta-puntako izen ugari izan dira Amalur Jardunaldien sorrerako xedearekin bat eginez: «Mundua ezagutu eta ulertzeko grina batuz».

2006 hartatik hasita, Ekialdeko Afrikan, Nepalen, Artikoan, Amazonian, basamortuetan, Japonian, ur bideetan, Mekong lurraldean eta Andeetan barneratzeko aukera izan du entzuleak; naturan, bidaian eta antropologian sakonduz. Horretarako ezinbestekoak izan dira proiektuari ahotsa eman dioten goi mailako hizlariak: Jesus Torquemada, Javier Reverte, Vicki Sherpa, Agustin Paniker, Alberto Iñurrategi, Ramon Larramendi, Jon Arretxe, Luis Pancorbo, Cristina Morato, Rosa Maria Calaf, Angel Cuerdo, Luis Miguel Domingez, Luis Sepulveda... bezalako izenak burura datoz, baina haiek bezala beste asko ere izan daitezke. Bertakoek zein kanpokoek maisuki partekatu baitute lurralde ezberdinen inguruko jakituria.

Elkarrizketak bikoteka

Aurtengoa urte borobila izanik, planteamendu berezia aurkeztu nahi izan dute antolatzaileek. Hizlariak publiko aurrean banaka aurkeztu beharrean biren arteko elkarrizketa formatuan egitea, hain zuzen ere. Horretarako, Kike Zinkunegik, jardunaldien antolatzaileetako batek azaldu bezala, urte hauetako izen esanguratsu batzuk aukeratu, eurekin harremanetan jarri eta hitzaldiak lotzen hasi ziren: «Orain artean bakarka etorri izan dira, herrialde edo bidaia bati buruz hitz egitera baina aurten bikote bezala jarri nahi izan ditugu. Pertsona ezberdinak, abiapuntu ezberdinekin, ikuspuntu ezberdinekin, baina biren artean zerbait berezia aurkeztea bilatu dugu herrialde zehatz bati buruz». Izan ere, aurtengo edizioa berezia izanik, «toki bakarrera joan beharrik gabe, beste toki askotara joango gara», aurreratu du Zinkunegik.

Bikoteak aukeratzea ez da lan erraza izan antolatzaileentzat: «Ia-ia etorritako guztien izenak hartu eta bikoteka jartzen hasi ginen. Baina errealitatera jaitsita, ekonomikoki ezin genion programazio potente horri eutsi». Hala ere, auzi ekonomikoak alde batera utzita, «sortu dugun egitaraua beste urtetan baino potenteagoa izango da», dio pozik Kike Zinkunegik.

Hizlariek gonbitea «pozik» hartu zutela azaldu du antolatzaileak, baina baita «urduri» ere: «Binaka jendearen aurrean jarri beharrak herrialde bati buruz hitz egiteko, pertsona hauen estruktura edo hitzaldiak emateko modua apurtzen du. Normalean bakoitzak badauka bere esperientzia, eta halako batean beste pertsona batekin eta publiko aurrean, bien artean egin behar horrek segurtasun hori apurtzen du». Hala ere, dagoeneko eskaini diren hitzaldiek bestelakoa frogatzen dute.

Izandakoak

Eta tolosarrek dagoeneko hori baieztatzeko aukera izan dute. Izan ere, Topic zentroak dagoeneko bi hitzaldi hartu ditu bere gain. Batetik, Javier Revertek eta Luis Mari Dominguezek eskaini zutena martxoaren 12an: Afrika. Eta bestetik, Agustin Panikerrek eta Luis Pancorbok aurkeztutakoa martxoaren 13an: Indika (India, Nepal, Bangladesh).

Reverte-Dominguez bikotean bi izaera ezberdin batu ditu Amalur Jardunaldiak. Idazlea bata, Afrikari buruz istorio polit asko idatzitakoa –Vagabundo en Africa, El sueño de Africa...– eta bidaia gidaria bestea –Felix Rodriguez de Lafuenteri lotutako proiektu baten inguruko gida, hain zuzen ere–. Reverte eta Dominguez elkar ezagutzen ez bazuten ere, Amalurrek elkartu ditu ondo ezagutzen duten lurralde baten aitzakian. «Gonbidapena luzatu genienetik bi hilabete eman zituzten elkarrekin hitz egiten Tolosako aurkezpena prestatzen», azaldu du Zinkunegik. Horrek guztiak bere emaitza izan zuen Topic zentroan: «Oso ondo funtzionatu zuen. Bien arteko solasaldia oso erosoa izan zen; polita, dibertigarria, ondo pasatzeaz gain asko ikasi genuen», laburbildu du Zinkunegik.

Paniker-Pancorbo bikotea berriz Indikari buruz mintzatu zen. Aurreko hitzaldiarekin alderatuta ezberdina izan zela aitortu du Zinkunegik: «Hitzaldi lasaiagoa, sakonagoa izan zen». Kulturak eta erlijiotasunak bide eman zien hizlariei euren herrialde kuttunei buruz hausnartzeko eta baita Topic bete zuen publikoari galdera ugari luzatzeko ere. Zinkunegik gainera Paniker eta Pancorboren artean sortutako elkar ulertzea azpimarratu nahi izan du: «Oso ondo moldatu ziren bien artean. Sintonia polita sortu zen. Entzuleek ez zuten sinisten egunean bertan elkar ezagutu zutenik. Tolosara etorri zirenean babarrun plater baten aurrean elkar ezagutu zuten».

Bi bikote hauek Amalur Jardunaldiak elkartu baditu ere, baliteke gerora bikote horietatik emaitza gehiago ere plazaratzea: «Auskalo zer proiektu etor daitezkeen, baina seguru aski gauza politak etorriko direla».

Bi adibide baino ez dira bikoteak ondo aukeratuak izan direla frogatzeko. Baieztatzen jarraitzeko oraindik orain beste hiru zita ditu Tolosako publikoak.

Izatekoak

Irakurlea orain artekoarekin aho bete hortz geratu bada, egitarauak bere jarraipena baduela esan beharra dago. Izan ere, apirilaren 17an Rosa Mª Calafek eta Josep Mª Palauk Topic aretoa beteko dute 19:30ean Asiaz mintzatzeko orduan: Bidaia irudiak: Asiatik barrena ibilbide baten kronika.

Kasu honetan, bikote honentzat ez da lehen aldia elkarrekin lan egingo dutena. Antolatzaileek gonbitea luzatu zietenean, haiek moldatu zuten gaia: «Beste gai bat jorratzeko proposamena aurkeztu ziguten eta zalantzarik gabe baiezkoa eman genien. Lortu ditugun bikoteen artean hau oso berezia da». Gauzak honela, kazetaritza maisu hauen proposamena galdu ezineko hitzordua dela aurreratu dute antolakuntzatik.

Hurrengo zita, apirilaren 24koa izango da. Orduan, Maroko ekarriko du Roman Morales kanariarrak etxeko baten laguntzarekin, Josu Iztuetarekin. Moroko: horren gertu, horren urrun... hitzaldia eskainiko dute bi pertsonalitate ezberdinek. Batak –Moralesek–, «hitz goxo, meloso horrekin maiteminduko gaitu» eta besteak –Iztuetak– «terremotoak», Zinkunegiren hitzen arabera, «Marokoren inguruko plato desgustacion bat prestatu du».

Roman Moralesek aurretik ere Amalur Jardunaldietan parte hartzeko bidea Josu Iztuetak eman zuen: «Caminos de agua liburua argitaratu berria zuen Moralesek eta Iztuetak esan zigun txundituta zegoela eta jardunaldietara ekartzen ahalegindu behar ginela». Bide horri jarraika antolatzaileak berarekin harremanetan jarri eta parte hartzeko prest azaldu zen: «Amalur Jardunaldietan izan dugun altxor handietako bat izan da Roman Morales». Honela, apirilaren 24ean beraz, Marokoz gozatzeko bi modu elkartuko dira Topic zentroan.

Azken hitzaldia maiatzaren 8an izango da, aurrekoak bezala, 19:30ean Topic zentroan. Orduan Luis Sepulveda Patagoniaz ariko da. Iaz eman zuen hitzaldiaren jarraipena izango da aurtengoa. Edonola ere, Kike Zinkunegi ziur da «aurrekoan bezala ere txundituta geratuko garela eta poz-pozik joango garela etxera. Bidaia bat egiteko gogoarekin». Zinkunegiri Sepulveda aipatzerakoan mirespena antzematen zaio: «Bera ekartzea amets bat bezalakoa izan da». Eta El viejo que leía novelas de amor liburuaren egilea zuzenean entzutea ametsa ere izan daiteke gainontzekoentzat: «Idazten duen moduan hitz egiten du, aurrekoan Hamelingo txirulariarekin bezala liluratuta geratu ginen».

Hartzaileei eskerrak

Antolakuntzaz eta hizlariez hitz egin bada ere, jardunaldiak aurrera eramateko ezinbesteko beste elementua publikoa da. Hitzaldiak antolatzeak eta, hizlariak ekartzeak, zentzu handirik ez du aurrean publikorik ez badago. Eta horren jakitun da Kike Zinkunegi, horregatik hamar urte hauetan, ediziotik ediziora hasiera kultur etxean eta Zerkausian eta ondoren Topic-en entzule modura joandako horiek guztiak aintzat izan nahi izan ditu antolatzaileak: «Entzule bezala milaka eta milaka izan dira. Tolosarren babesa izan dugu hasiera-hasieratik eta horrek lagundu digu urtez urte jardunaldiak martxan jartzen».

Honela, Amalur Jardunaldiak hurrengo ediziora begira jarri aurretik oraindik aipatutako hiru hitzaldi horiek eskainiko dituzte datozen egunotan. Apirilaren 17an Rosa Mª Calaf eta Josep Maria Palau Asiaz mintzatuko dira. Apirilaren 24ean, Roman Moralesek eta Josu Iztuetak beste horrenbeste egingo dute Marokoren inguruan eta azkenik, maiatzaren 8an Luis Sepulvedaren txanda izango da, Patagoniaz mintzatzeko. Berriro ere Topic-eko eserlekutik urrutira bidaiatzeko aukera plazaratu zaio bertan eserita dagoenari.

Hamargarren urtea beteko da horrenbestez, eta hamaikagarrenean pentsatzen hasteko unea iritsiko zaie orduan antolatzaileei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!