"Lan hau nirea dut; berak irabazteko beltz jo beharko du"

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2015ko mar. 12a, 12:27

Tolosaldeko Atariatik elkarrizketa bat egiteko agindu didate; Joseba Otaegiri (Zizurkil, 1983). Ea nola ateratzen zaigun.

Herri kirolen inguruan ibiltzen garenok, jakin nahi izaten dugu zein pisutan, altura, fisikoki... Zer nolako mutila azalduko zaigun plazara.
Altura 1,85; eta pisua, 91-92 kiloren bueltan nabil.


Aparteko fisikoa orduan. Bai aizkorarako, eta baita beste gauza askotarako ere. (Barreak)
Lehen kilo gehiagotan ibiltzen nintzen. Azken lau urte hauetan, ordea, pisu horren inguruan nabil. Egia da erresistentzia gehiago irabazten dela 2-3 kilo horiek galduta.

Ni ondo sentitzen naiz. Ez daukat aitzakiarik.  

Garrantzitsuena hori da, gainera.
Bai-bai.  


Beste apustuetan egindako betiko entrenamenduak egiten ari al zara, edo aparteko aldaketaren bat sartu duzu?
Ez-ez, ez dut asko aldatu. Kontuan hartu behar da bi hilabeteko prestakuntzan ez dagoela gimnasioan eta oinarri handirik hartzerik. Urrian txapelketak izan genituen, eta ordurako bai, gimnasioan lan pixka bat egin genuen, baina oraingo honetan aizkoran aritu gara; korri pixka bat egin, mendian ibili...


Aurreko prestaketari eutsi egin diozu beraz, segidatxoa eman.
Aizkoran egin behar da hor; horrek du garrantzia. Astean pare bat entrenamendu onak egiten ditugu, eta horrela gabiltza.


Zein dugu erakustailea, entrenatzailea?
Leon Iruntxinberri dabil, eta haren aginduetara gabiltza.


Ezta txarra. Herri kirol munduan oso ezaguna.
Bai. Bataila asko jokatuak ditu.  


Apustu mundua zer den dakiena, behintzat.
Apustua ondo prestatzeko beti behar duzu jendea ondoan. Bera ere gogoarekin dago, eta ondo.

 
20 kanaerdiko erdibana eraman behar dituzue. Egurrak bilatzerakoan arazorik izan al duzue?
Apustu hau lehenagotik pentsatua neukan. Nire ideia, Olasagasti eta Rekondoren artekoa irabazten zuenari botatzea zen, egunean bertan, baina Arriak aurrea hartu zidan. Egurren kontua aurretik hitz egiten ibilia nintzen, eta ez dut arazorik eduki.


Gogorrak, normalak,... nolakoak eramango dituzu?
Marka egiteko horietakoak ez dira izango, zaila baita horrelakoak bilatzea: egur asko pasa behar da, eta tokatu egin behar da. Nire aldetik egurra normala izango da.


40 minututik gora joango dela badakigu. Aurrez, horrelako apusturik egina al zaude?  
Azkenekoa, Senosiainekin lan horretan egin genuen. Hark egur gogorrak ekarri zituen...


Oso gogorrak.  
Nik uste honek ere hala ekarriko dituela; hau ere lana luzatzera joango dela iruditzen zait. Eta hor, egurrek baldintzatzen dute denbora.


Apustuetan irabaztea da kontua, ez marka egitea.
Nik emango ditudan egurrak badakit nolakoak diren: denbora normal batean ebakitzekoak. Ikusi beharko da bereak nolakoak diren. Senosiainekin ordubetera joan ginen, eta hark bezala gogorrak ekartzen baditu, berriz ere lanean aritu beharko dugu.  


Ordubeteko lan batean pentsatuz prestatzen ari al zara?
Bai-bai. Denak nik eramango banitu, zein egurrekin arituko zaren badakizu. Bestela, denerako preparaturik egon beharra dago hemen.


Arria V.a gogorra da.
Bai, eta izena ere gogorra dauka.  


Azkeneko apustuan zorterik ez zuela izan pentsatzen dut, baina baita berriro eskuetako arazo haiekin ez dela etorriko ere.
Niretzat hobe izango litzateke hori, baina uste dut eskarmentua hartuko zuela. Nire ustez azken apustu horretara, joan ere, gaizki egin zen; eskularruekin joan zenerako... Nik ikusten dudana da bera fondoz oso ondo dagola. Beti izan du preparatzen ez denaren fama hori, baina orain zer edo zer nabarmendu beharko banu beragandik, hori izango zen, fondoa edo erresistentzia. Horregatik iruditzen zait lana luzatzera joan daitekeela. Beharbada lehengo golpe edo zartako hori galdu du pixka bat, hura ere pisuz jaitsi delako, baina orain erresistentzia handia dauka; bururik altxa gabe lanean segitzekoa... Olasagastiren aurka jokatu zuen apustu hartan, lan erditan tapa-tapa hantxe segitzen zuen, eta bertan zuen. Nik uste har hori izango duela barruan, eta kendu nahiko duela.


Apustu gogorra, orduan.   
Bai. Desafioa botatakoan gehien entzuten zena, ez nintzela iristen eta abar zen. Nik zer esango dizut bada? Lan hau nirea dut. 20 kanaerdiko. Probatzeko gogoa nuen, tope xamarreko batekin. Ondo sentitzen naiz, eta berak irabazi behar badu, beltz jo beharko du.


Biontzat azterketa gogorra dela uste dut. Arria V.ak beste apustu bat galtzen badu, txarrean geratuko litzateke. Uda partera begiratuta ere, hor irabaztea garrantzitsua litzateke.
Jokoa irabazten duena beti ondo ateratzen da; egoteko ere ederki geratzen da. Agian, bai berak eta bai nik, gehiago egin beharko genuela dionik egongo da; betirako promesa bezala geratu garela dioenik, edo «oraintxe lehertu behar du» esaten duenik.

Ez dakit. Ni ondo sentitzen naiz, eta ez daukat beldurrik, nahiz eta egur gogorrekin etorri bera. Erresistentziaz ondo nago, eta nire ustez, berak lan on bat egingo duela, eta baita nik ere.

Ikusleentzat nire ustez, egon litekeen lanik politena da; kanaerdikoetara jokatutako apustua. Olasagastik eta Rekondok eman zuten ikuskizuna hor dago. Ea zorte pixka batekin, biok lan ona egiten duzuen, eta inork ez duen arazorik izaten.
Ikusleentzat politena hori izango litzateke, zalantzarik ez dago hor. Baina jokatzen ari denak irabazi egin nahi izaten du, eta lehenbailehen hautsiko balitz nahiago. Baina ez dut uste horrela izango denik. Bera ez da haustera joaten den horietakoa, Olasagasti bat izan daitekeen moduan. Bera erritmo batean joango dela uste dut; nik ere hasi eta bukatu ondo egin nahi dut. Apustu borrokatua izateko aukera handiak daudela uste dut.


Gaur egun gazteak horrela joaten zarete, lehengoak, aldiz, apustuak haustera ere joaten ziren, trikimailuak eta abar erabiliz.  
Boladaka bezala joaten ziren, baina gero, ezin da ahaztu oso indartsuak direla. Olasagasti boladaka hasi arren, segi egiten du, eta hori ere zaila da. Nik uste lanik onena etxeko lana ateratzea dela. Beste joko horretan erortzen bazara, hautsita geratzeko arriskua dago. Gero egia da, batzuetan egunean bertan dena nahastu egiten dela.  


Guk etxe aldera egingo dugu igandean; baina egia da gero askotan gehien kritikatzen duguna etxekoa izaten dela.
Kritikatzea ona da, gu espabilatuta ibiltzeko.


Zorte on Joseba, eta lan on bat egin.  
Saiatuko gara, eta eskerrik asko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!