Zizurkilgo Udalak aitortza egin dio Julian Galartza Aiastuiri

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko mar. 4a, 10:47

Otsailaren 10ean ETAk hildako mekanikoari aitortza egitea onartu zuten ez ohiko bilkuran.

Zizurkilgo Udalak legealdi honen hasieran hartu zuen herriko biktima anitzen aitortza egiteko konpromisoa, eta bide horri jarraituz pasa den otsailaren 10ean egindako ez ohiko bilkuran ETAk orain 39 urte hildako Julian Galartza Aiastui zizurkildarrari aitortza egin zion. Pasa den otsaileko ez ohiko osoko bilkuran idatzi bat onartu zuen udalbatzak, EH Bilduren botoei esker.  

Hiru puntutako idatzia
Onartutako idatziak hiru puntu zituen. Batetik, Julian Galartza «herri honen biolentziaren biktima dela eta aitortza, egia eta justizia merezi dituela» zioen onartutako idatziak. «Zizurkilgo udalbatzak barkamena eskatzen dio Galartzaren sendiari, urteotan ahaztua sentitu bada. Bide berean, elkarlana eskaintzen dio aitortza hori lortzeko bidean», dio bestetik.

Azken puntuak hau dio: «Udalbatzak argi adierazten du biktima guztien aitortzatik etorriko dela herri honen elkarbizitza, inor baztertu gabe eta mailaketetan erori gabe».
Julian Galartza Aiastui zizurkildarra 1976. urtean erail zuten, otsailaren 10ean hain justu, nahastuta. ETAk berak bi egun beranduago onartu zuen nahastu egin zela. Mekanikoa zen ogibidez eta 37 urte zituen.

Arregi, Ttotto eta Galartza
Zizurkilgo Udalak herri honetan eman den indarkeriarengatik biktima izan diren zizurkildarrak aintzat hartzeko konpromisoa hartu zuen legealdi honetan. Hiru dira biktima horiek: Joxe Arregi, Joselu Geresta ‘Ttotto’ eta Julian Galartza.

Joxe Arregi 1981. urteko otsailaren 4an atxilotu zuten. Arregi ez zen Espainiako Poliziaren ziegatik bizirik atera. Atxilotu eta bederatzi egunera hil zen, torturen ondorioz.
Joselu Geresta ‘Ttotto’rena argitu gabeko heriotza da, beste hainbat bezala. 1999an aurkitu zuten bere gorpuzkia Errenterian. Gerestak bere buruaz beste egin zuela zioten lehen «bertsio ofizialek», baina beste norabide batera jotzen zuten frogak agertu ziren. Orain arte ez da gertatutakoa argitu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!