Eneko Agirre: "Sekulako jendetza bildu zen, sarrera ordaindu behar zen arren"

Asier Imaz 2015ko ots. 26a, 08:35

Donostian jaio eta Zizurkilen bizi da Eneko Agirre. Aurreko astean Alemanian egon zen, munduko txapelketan. Bere proba otsailaren 20an izan zen. 

Hamar eguneko bidaia astelehenean amaitu zitzaion. Orain, Espainiako txapelketara begira dago. Martxoaren 7an eta 8an Bereten izango da, eta bi proba ditu buruan. Lehen hiru postuetan sailkatzen baldin bada, hurrengo urteko Europako txapelketara joateko aukera izango luke.


Zer moduzko esperientzia izan da munduko txapelketa?
Ona. Izugarria. Duela lau-bost urte, hasi ginenean, ez genuen horretara iritsiko ginenik pentsatuko. Gozada bat izan da.


Joan aurretik, ikustera eta ikastera joango zinela esan zenuen.  
Eta horrela izan da: asko ikasi dugu. Alemaniara joan aurretik Frantzian bost egun pasa genituen, Itoitz Armendariz musher eskoriatzarrarekin. Aurrez, asteburuak pasa izan ditugu elkarrekin, baina ez da berdina. Bost egun jarraian pasatzean, askoz gehiago ikasten duzu. Eta bera ez da nolanahiko musherra. Pentsa, munduko txapeldun gelditu da Alemanian. Eta gu berari laguntzen ibili gara: izugarria!


Zuk ere lehian parte hartu duzu. Nolako emaitzekin?
Kirol arloan ere oso gustura geratu naiz. Noski, eskandinaviar guztiek irabazi zidaten, joan aurretik hori banekien horrela izango zela. Azkenean 16. gelditu nintzen, sailkapenaren erdialdean. Beldurra nuen azken postuetan ibiliko ote nintzen, baina itsuroso gelditu nintzen, eta gustura.


Azkenean Lenny txakurrarekin atera al zinen?
Bai. Zalantza nuen, Lagunekin atera edo Lenny-rekin. Azkenean segurutik jo nuen.


17 kilometroko ibilbidea, nolakoa zen?
Hor ere zalantza nuen: laua edo maldatsua izango ote zen. Gora beherak bazituen, baina ez zen hain azkarra. Izan genuena eguraldi beroa izan zen. Lasterketa 12:00etan jarri ziguten, eta eguzki dezente zegoen. Basoan ondo joaten zinen, baina ateratzekoan bero egiten zuen, eta txakurrak nahiko justu ibili ziren.


Zurea zaintzea gustatzen zaizu. Zer moduz iritsi zen?
Ondo. Txukunen iritsi zenetako bat izan zen. Han ordea beste era batera ikusten dute lasterketa, eta hasieratik dena ematera ateratzen dira; topera. Arriskatzera joaten dira; txakurra iristen den arte. Ni pixka bat kontrolatuz irten nintzen, eta bukaeran ahal genuen guztia ematera.


Denetik ikusiko zenuen, orduan, txakurren artean.
Ameriketako estatu batuar batek izugarrizko abailan aurreratu zidan,  aldapa behera. Txakurra atzetik zuela zebilen. Helmugara poliki-poliki iritsi zen. Suediar batek eta austriar batek ere pasa zidaten beheraka, baina haien txakurrak lasaiago zihoazen, zankada luzean. Desberdina zen. Estatu batuarra pasa egin zela iruditzen zait.


Txakurren artean diferentzia bazegoen, beraz.  
Batez ere eskandinaviarren txakurretan. Esprinterako egokiagoak ziren. Gureak bezala alaskarrak, baina ehiza zakurraren portzentajea handiagoarekin. Aldapa behera lortzen zuten abiadura izugarria zen, adibidez; Orduko 40-50 kilometrokoa. Eta txakurra ondoan, ez atzetik ezinean.


Amaieran, zenbateko aldea atera zizun irabazleak?
Sei minutu t’erdikoa.


Ez da horrenbesterainokoa.
Niri hala iruditu zitzaidan, ba. Aldea, hala eta guztiz ere, bataz besteko abiaduran gehiago nabaritzen da. Nire bataz bestekoa 26,5 kilometro orduko izan zen, eta beraiena 33koa. Hori diferentzia handia da.


Zer egin zenuen munduko txapelketak irauten zuen beste egunetan?
Itoitzi laguntzen ibili ginen. Lerarekin atera zen, eta pertsona batentzat lan handia geratzen da. Nik ostiralean bukatu nuen, eta igandera arte, berarekin egon ginen.


Eta munduko txapeldun gelditu zineten.
Lerarekin ez dago horrenbesteko diferentziarik. Eskandinaviarrak, eta batez ere alemaniarrak oso onak dira, baina Itoitzek 15 urte daramatza mundu honetan, eta aurrez emaitza oso onak lortuak zituen. Ez genuen munduko txapelketa irabaziko zuenik espero, baina... izugarria izan zen.


Munduko txapelketa barrutik ezagutu ondoren, anekdotaren bat edo bitxikeriaren bat ekarri al duzu etxera?
Atentzio handia publikoak deitu zidan. Sekulako jendetza bildu zen, eta batez ere, igandean. Gainera, sarrera ordaindu beharra zegoen. Eta dirua zen, igandean, 8 euro, adibidez. Helmugara iristea beldurra ematen zuen, horrenbeste jende ikusita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!