Zizurkil eta Villabona arteko oinezkoen zubian erorketak saihesteko neurriak hartzeko eskatu du EAJk

Tolosaldeko Ataria 2015ko ots. 6a, 15:35
Oinezkoen zubiaren zorua konpontzeko eskatu du EAJk

Zizurkilgo EAJko udal taldeko bozeramaile eta alkategai den Marian Lazkanok Zizurkil 2015-2019 proiektuaren barruan herrian ireki duten gunean jaso dituzten herritarren eskaera eta ekarpenen berri eman du.

Zizurkilgo EAJko udal taldeko bozeramaile eta alkategai den Marian Lazkanok herritarrek egindako hainbat eskaeraren berri eman du eta esan duenez, Bulandegiko errepidearen egoera eta hondakinen zein zikinkeriarekin batera Zizurkil eta Villabona lotzen dituen oinezko zubiaren zoruaren egoera txarra aipatu dituzte. Horregatik eskatu dio EAJk udalari ahalik azkarren neurriak har ditzala egunero zubia erabiltzen dutenei erorketa arriskua saihesteko.

Lazkanok gogoratu du zubiaren zorua zurezkoa dela eta euria egiten duenean labaingarria  bilakatzen dela, horrek irrist egiteko edo erortzeko sortzen duen arriskuarekin. "Gainera, Zizurkilgo aldetik argiztapenik ez duenez, zubiko eskubandaren ainguraketak ez dira nabarmentzen hainbat arazo eraginez. Udalak azkar  eta erabakitasunez jokatu behar du, datozen udal hauteskundeei itxaron gabe. Borondate gauza da", esan du Lazkanok. Zizurkilgo eta Villabonako alkateak arazoa konpontzeko koordinatu behar direla ere esan du. 

Ildo berean, Zizurkilgo eta Asteasuko industri guneak lotzen dituen Bulandegiko errepidearen egoera txarra aipatu du eta herritarrek berehala konpontzeko eskaerak egin dituztela esan. "Badakigu errepidea Diputazioarena dela eta lau urte hauetan ez duela ezer egin. Eta udalak ez dio horren konponketa exijitu, alkate baten lehenetariko betebeharra herriko azpiegiturak egoera onean egon daitezen  zaintzea eta defendatzea denean", gaineratu du.

Lazkanoren iritziz jaso dituzten eskaerak “zentzukoak” dira eta ez badira konpondu udalak inbertsioetarako dirurik ez duelako dela esan du, izan ere krisi ekonomikoak eta atez atekoaren kostu handiak eragina dute inbertsioetarako dagoen diruan. Zentzu horretan aipatu du bizilagun gehienak daudela udal eraikin eta azpiegiturak berritzearen eta irisgarritasun eskaeretara egokitzearen alde, berriak eraiki ordez. "Irisgarritasuna lantzeko eta oztopo arkitektonikoak  kentzeko eskatu digute bizi kalitate handiagoko Zizurkil bat lortzeko", esan du.
 
Atez ateko sistemari dagokionez baieztatu du desadostasun gehien sortzen jarraitzen duen gaia dela eta aurreratu du bere hautagaitzak edukiontzien aldeko apustua egiten duela, txipa duen bosgarren edukiontziaren bidez eta herri kontsulta bat egitea defendatuko duela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!