Ugare auzoak egoiliarren aparkaleku sistema izango du aurrerantzean

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abenduaren 22a

Osoko bilkuran onartu dute EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin

Zizurkilgo Ugare auzoan dagoen aparkalekuan autoa utzi ahal izateko egoiliarren txartela atera beharko da. Era berean, denbora mugatuko zenbait aparkaleku ere izango ditu Ugarek. Sistema berria abenduaren 15eko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
Aurreikuspenen arabera, urte hasierarekin batera eskatu ahal izango dute bizilagunek egoiliar txartela eta urteko 40 euro ordaindu beharko dira. Bi baldintza bete behar dira, hala ere: Zizurkilen erroldatuta egotea eta zirkulazio zerga herrian ordaintzea. Urtarrilean zehar egingo dituzte pintaketa eta egokitze lanak eta segituan jarriko dute sistema berria martxan.

Joxe Mari Luengo alkateak azaldu duenez, «Ugareko auzotarren bizi kalitatea hobetzeko pausoa da, urte askotako eskaera bat bete da». Auzotarrekin batera egindako prozesua eta gero onartu dute ordenantza.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!