«Ipuina irakurtzearen helburua une atsegina pasatzea izan behar du»

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abe. 17a, 09:13

Liburuaren Astearen barruan eskainiko du hitzaldia ostegunean, hilak 18, Juan Carlos Alonso psikologoak. 18:00etan hasiko da saioa, Atxulondo kultur etxean. Alonsok Haur literatura heziketa emozionala zikloaren hiru saioetako bigarrena eskainiko du. Haur literaturak umeei gatazkak gainditzen laguntzen diela dio psikologoak, beti ere liburu edo ipuin bat irakurtzeak eskaintzen duen plazeraz ahaztu gabe, «ez nintzateke zentzu pedagogikoan bakarrik zentratuko», dio. 

Haur literaturak umeen garapenean dituen onuren defendatzailea zara, zertan lagundu dezakete ipuinek?
Gauza askotan. Lehen saioan heziketa emozionala landu nuen, hau da, literaturaren bidez haurrak zenbat sentimendu garatu ahal dituen izan nuen hizketagai, haurrak emozionalki nola garatu daitezkeen, alegia. Eta bigarrengoan umeen gatazkak edota sortzen diren arazo txikiak konpontzeko haur literaturak jokatu dezakeen bitartekari lanaz ariko naiz. Gai asko lantzen dira liburuetan, eta oso lagungarriak izan daitezke.

Ipuin guztiek al dute irakaspenen bat?
Nire ustez bai, nahiz eta esplizitua ez izan. Gaur egungo ipuin guztiak, klasikoetan ez bezala, ez dira irakaspen esplizitu batekin amaitzen, baina haurra beti geratuko da mezu batekin, eta mezu hori da irakaspena. Nik beti esaten dut hala ere, ez niokeela haur bati ipuin bat zentzu pedagogiko eta didaktiko jakin bat duelako irakurriko, bigarren helburua izango litzateke hori, lehen helburua haurra ondo pasatzea da; plazer hutsarengatik irakurtzea, momentu goxo bat emateagatik, afektibitatea lantzeagatik... Ipuinak aukeratzerakoan beste zerbaiti begiratzen diot nik: ilustrazio politen bati, kalitatezko testu literarioa bati, fantasiazko testu on bati... Haurra da kritikorik finena, berak adieraziko du gustuko izan duen ala ez.

Aditu bat baino gehiagoren ustez ipuin klasikoak bortitzak dira, ados al zaude horrekin?
Bortitzak al dira? Otxoak jan egiten duela esatean, ez al da horrela? Otxoaren funtzioa ez al da hori, jatea? Haurrari fikzioan gaiztakeriak egiten utzi behar diogu. Nik gaur egungo ipuinak erakusten ditut, ipuin herrikoiak, kontakizunak... denak. Ez naiz mugatzen haur literatura zehatz batetara. Nire ustez ipuinek oso alde positiboa dute, bakoitzak bere arloan, eta ez nuke ezer zentsuratuko. Hori bai, kontra-baloreak azaltzen badira ipuin batean, noski baietz, bestela ez. Klasikoek balore eta sakontasun izugarria dute. Ipuin klasikoak azaletik bakarrik ikusten baditugu bortitzak edo sexistak direla esan dezakegu, baina sakonki aztertuz gero arlo positibo asko dituztela ikusiko dugu. 

Klasikoek irakaspen esplizitua dute behintzat...
Irakaspenaren bidez hezitu nahi zituzten haurrak, baita helduak ere. Klasikoak psikodramak dira, antzerkiak, pertsonaia onak eta gaiztoak daude, elementu magikoak daude, fantastikoak... Modu horretara bizitzako arlo garrantzitsu asko lantzen dituzte; gaizkia, inbidia, lotsa, heriotza, bakardadea...

Eta zein irizpide jarraitu ahal dituzte gurasoek liburu bat aukeratzerakoan?
Nik ez nuke liburu bat aukeratuko  gehien saltzen dena delako, horren atzean merkatuko irizpideak baitaude. Heldu bezala liburuak ikusi behar dira, gozatu, eta aukeratu ondoren.

Eta liburuak berak gomendatzen duen adin tarteari erreparatu behar al zaio?
Orain gutxiago, baina lehen liburu guztietan jartzen zuen zein adinetarako ziren egokiak liburu horiek, eta niretzako ez da baliagarria, lagungarria izan daiteke, baina ez da muga bezala ikusi behar. Orokorrean begiratuko nioke liburuari eta gaiari erreparatu. Behar bada haurra gai batekin dago kezkatuta, eta hori lantzen duen liburua aukeratuko nuke.

Eta gaiak bereziki zailak direnean?
Nik ez nuke inongo gairik zentsuratuko. Ezkortzat ditugun gaiak ere landuko nituzke; bakardadea, heriotza, lotsa, bazterketa... horiek ere literaturan lantzen dira. Haurrak gehiegi babesten ditugu errealitatean eta ez ditzagun babestu baita literaturan ere. Haurrei intrigak asko gustatzen zaizkie, beldur pixka bat pasatzea, fantasia, abentura... Beldurra guregan dago, ez haurrengan.

Orain aste gutxi sare sozialetan Susaeta argitaletxea egon da bolo-bolo mutilentzako liburu urdinak eta neskentzako arrosak argitaratzeagatik.   
Literatura beti izan da bizitzaren isla. Literaturak hau guztia jasotzen du, baina gauzak muturrera eramatea ez da ona. Liburu klasikoak ere horregatik kritikatu izan dira, sexistak direla esan izan da, eta ez nago ados. Argi dago literatura guztientzat dela, ez neskentzat bat eta mutilentzat beste bat. Muturrak ez dira onak, eta fikzioa desdramatizatuko nuke, eta errealitateari garrantzia eman. Haurrek egunerokoan bizi dutena da garrantzitsua, ez horrenbeste literaturan ikusten dutena. Haurrak guk uste baino bizkorragoak dira, eta konturatzen dira gauzez. Badakite zer den errealitatea eta zer fikzioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!