Banatu dira Zizurkilgo txapelak

Jexux Murua 2014ko abe. 16a, 08:09

Igandean jokatu ziren Zizurkilgo IV. Pilota Txapelketako finalak. Jende asko bildu zen, bete samartu arte,  Ziotza Pilota Elkarteko antolatzaileek jarri zituzten berogailuei esker  goxatutako frontoira, eta pilotari gazteek ez zioten giroari hozten utzi. Merezitako amaiera eman zioten txapelketari.

Benjaminek eman zioten hasiera jaialdiari 10:00etan puntu-puntuan. Iribarria-Zubizarreta Lazkaoko Pilota eskolakoek eraman zuten txapela Lizarazu-Etxeberria adunarren aurka. 16-5 amaitu zen partida; irabazleen joak erabaki zuen, baina galtzaileek ere erakutsi zituzten beren dohainak.

Bigarren partida, alebinek jokatu zutena, ondo jokatua eta gogorra izan zen. Perurena-Ugartemendia Ziotzako pilotariek ezin izan zieten irabazi Orbegozo-Unanue añorgarrei: 12-16 bukatu zen lehia, ia ordubeteko saioa egin eta gero. Bada zeozer adin horretarako! Tanto luze eta pilotakada askotakoak izan ziren ia denak, eta askotan bukaera ikusgarria izan zuten. Txalo zaparrada ugari bildu zituzten.

Infantilak etorri ziren ondoren. Lehia gogorragoa espero zen, baina Arruabarrena-Goikoetxea tolosarrek ez zuten beren maila erakutsi ia azkenera arte. Partida ordurako erabakia zegoen, baina markagailua itxuratzea ez ezik, azken tantoetan lana gogotik egin arazi zieten Alberdi-Unanue azpeitiarrei, irabazleei. 18-10 bukatu zen lehia; Unanue atzelari azpeitiarrak agindu zuen partida osoan, eta nabarmen geratu zen Alberdiren pilotari sena.

Kadeteek eman zioten amaiera txapelketari. Zubizarreta-Arangurenek, Lazkao eta Usurbilgo Pilota Elkartekoek, Intxurreko Arruti-Aizpitarte izan zituzten aurkari. Bikote ikaragarria egiten dute bi lehenek, eta 22-13 irabazi zuten pronostikoak betez. Partida, ordea, ez zen samurra izan hauentzat, ia tanto guztiak egitea behartu baitzituzten Intxurreko bikoteak. Dena dela, Zubizarretak erabaki zuen. Tantoa amaitzeko erraztasun izugarria du, eta izan zituen ia aukera guztiak aprobetxatu zituen, momentuz, koska bat goitik dagoela erakutsiaz.

Ohikoa denez, sari banaketarekin eman zitzaion bukaera. Zizurkilgo alkate Joxe Mari Luengo eta Iñaki Artola eskualdeko  pilotari gazteak banatu zituzten txapelak eta gainerako sariak, ikusleen txalo zartaden artean.
Zorioneko dago Tolosaldea: dituen pilotariak dituelako, final guztietan izan genituen bertako ordezkariak, eta Ziotza Elkartekoak bezalako zaleak dituelako. Bikaina eta aitortu beharrekoa egindako lana: 85 bikotek hartu dute parte IV. Zizurkilgo Txapelketa honetan; bi hilabetez aritu dira igande eta jai egun guztietan partidak antolatzen eta etorkizuneko pilotari gaztetxo horien ilusioa hauspotzen. Txapela janzteko lana pilotariena, eta beren aurrean txapela kentzekoa Juan Manuel, Arantxa, Muño eta laguntzaileena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!