Danena belar artifizialeko futbol zelai berritua, inauguratuta

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abenduaren 13a

Jende asko bildu da gaur Zizurkilgo Danena belar artifizialeko futbol zelaian. Kirol Astearen barruan inauguratu dute, eta ekitaldia baino lehen Lehen Erregionaleko Danena eta Ordiziaren arteko partida jokatu dute. Ekitaldira zizurkildar asko joan dira, baina baita futbol munduko aurpegi ezagunak ere, Errealeko Jokin Aperribai presidentea, esaterako.

Inaugurazio ekitaldian Joxe Mari Luengo alkatearekin eta Aratz Alkorta Kirol zinegotziarekin batera, Gipuzkoako Futbol Federazioko Patxi Gabilondo idazkaria eta Juan Luis Larrea lehendakaria egon dira, Aperribai bera, eta baita Danena futbol zelaiko eta taldeko izen esanguratsuak ere. Udalak azken hauek omendu nahi izan ditu eta oroigarriak banatu dizkie Danenako lehendakari izandako Patxi Alkorta eta urte askotan taldeko idazkari nagusi izandako Juanjo Puyadenaren senideei, urteetan Danenan aritutako eta gaur egun lehendakari den Manuel Gonzalezi, eta baita futbol zelaiaren proiektuan buru-belarri aritu den, eta entrenatzaile zein eragile den Joseba Iturriari ere.

Oroigarriak banatuta eta agurra dantzatuta inauguratu dute futbol zelai berritua. Ondoren, Danenan aritutako beteranoen futbol partida jokatu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!