Jokin Alberdi omendu dute Kirol Astearen barruan

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abenduaren 12a

Jokin Alberdik jaso du kirolari onenaren oroigarria Aratz Alkorta Kirol zinegotziaren eskutik

Atzo hasi zen Zizurkilgo Kirol Astea, eta ekitaldi nagusietako bat gaur izan da. Aurtengoan herriko kirolariek aukeratu dute zein den zizurkildar kirolari onena eta Jokin Alberdi txirrindulari gaztea aukeratu dute. Udalak oroigarria eman dio Atxulondo kultur etxearen kanpoan. Omenaldia baino lehenago haur eta gazteek bizikleta ginkana izan dute Joxe Arregi plazan.

Bihar ere izango da Kirol Asteaz gozatzeko aukera. Goizean jokoak egongo dira haurrentzat Intxaur frontoian, eta 15:00etan IX. Emakume Pilotari pala txapelketako 7. jardunaldia egingo dute Intxaurren. Ondoren, 15:45ean, Lehen Erregionaleko Danena KE-Ordizia partida ikusi ahal izango da, eta 18:00etan inauguratuko dute Danena belar artifizialeko futbol zelai berritua. Ondoren, Danenan jokatutako beteranoen arteko partida ikusi ahal izango da. Gauean krosak egongo dira.

Igandean amaituko da Kirol Astea. Goizean IV. Pilota Txapelketak finalak egongo dira Intxaurren, eta 16:30ean zinta gainean ibiltzeko tailerra egingo dute Pedro Mari Otaño ikastetxeko frontoian. 17:00etan Flow Balance elkarteko kideek erakustaldia egingo dute, eta ondoren jarraituko du tailerrak.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!