"Gure artean dago artea, oso gertuko zerbait da"

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abe. 11a, 08:30

‘Aiztondoko haize berriak astinduz’  erakusketa jarriko dute Atxulondon

Zer da artea? Sona handiko artistek bakarrik egiten al dituzte artelanak? Ez al du edozeinek etxeko epeltasunean sortzen? Hori ere ez al da artea?

Zizurkilgo hainbat herritarrek osatutako Aiztondo Artelan Egileen Lagunak taldeak galdera hauek jarri zituzten mahai gainean orain hiru urte. «2011. urtean antolatu genuen erakusketa lehen aldiz, eta helburua gaur egungo bera zen: herriko eskulan eta artelanak erakustea, eta herriko artistei lekua egitea».
Lan guztiak Aiztondo bailarako herritarrek eginak dira eta aurtengoan helburua bera bada ere, nolabaiteko garapena eman dela esan dute antolatzaileek. «Duela hiru urte hasi gienean mota guztietako eskulanak zeuden; gurutze puntuko lanak, belarritakoak,... artisautza lanak ziren gehienbat. Bigarren urtean jantziak ere egon ziren erakusketan, artzain-andre jantziak esaterako, postalak ere bazeuden, margolanak... eta aurten artelanen taldean sartu ditzakegun hiru alorretan aritu gara gehiago, pintura, tailua eta eskultura», argitu dute antolatzaileek.

«Arte hitza oso urruti ikusten dugu, badirudi artistek bakarrik egiten dutena dela, eta askotan horiek oso urrun ditugu. Lan horiek askorentzat ulertezinak direla dirudi, gainera. Guk adierazi nahi duguna da bertan ere, hemen, gure inguruan, askok eta askok egiten dituztela artelan ederrak. Hori erakutsi nahi dugu», esan dute.

Zizurkildarrek behin eta berriz aipatzen dute helburua bailarako herritarrek egiten dituzten artelanak erakusteko gune egokia bilatzea dela, Aiztondo bailarako artisten topaketa bat egitea, azken finean: «Gure artean ere egiten da artea, ez da galerietara joan behar artea ikustera. Oso gertuko zerbait da. Zergatik ez da artea guk sortzen dugun edozer gauza?».

Topaketa izaera zentzurik zabalenean darabilte zizurkildarrek, ez bakarrik ikusle edo erosle izango direnei begira, baita sortzaileei dagokienez ere, izan ere, denak elkartzeko aukera izaten dute inaugurazio egunean, eta bertan ideia trukaketak ematen dira: «Beti saiatzen gara denak elkartzen eta hor izaten dute aukera elkar ezagutzeko, ideiak trukatzeko...».


Eskuzabal
Ostiraletik abenduaren 21era bitarte egongo da ikusgai erakusketa Atxulondo kultur etxean, eta lanak ikusteaz gain, erosteko aukera egongo da. Antolatzaileek lanak utzi dizkieten herritar guztiei eskerrak eman beharrean daudela esan dute, «oso eskuzabalak izan dira beti, eta hori oso eskertzekoa da».
Aiztondoko haize berriak astinduz erakusketan herritarren lanak izango dira nagusi, baina lanbidez artista diren batzuek ere eman dizkiete lanak. «Herritarrei euren lanak erakusteko aukera ematea eta gainera ezagunak diren beste artista batzuen lanen ondoan erakustea oso pozgarria da».

Erakusketa muntatzen ari dira oraindik, baina ikusleei ongietorri herritar batek egindako bertsoak emango diela aurreratu dute antolatzaileei.

Besterik ere aurreratu dute, omenaldi xume bat ere egingo baitiote orain egun gutxi hildako Malli Usabiagari. «Beti egin du bat gurekin, bera artista zen gauza askotan, eta tailuetan oso lan ederrak egiten zituen. Proiektu honekin hasi ginenetik gurekin egon da, aurten ere bazituen hainbat lan eginak guri emateko. Gure asmoa da orain arteko erakusketetan saldutako lanak bildu eta erakustea. Omenaldi xumea egin nahi diogu».

 

Erakusketa
‘Aiztondoko haize berriak astinduz’

  • Noiz. Abenduak 12tik 21era.
  • Non. Atxulondo kultur etxean.
  • Ordutegia. Astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era. Larunbat eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara, eta 17:30etik 20:30era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!