Gorputza eta burua lantzeko ekitaldiak

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abe. 10a, 17:00
Aratz Alkorta, Ainhoa Larrea eta Joxe Mari Luengo gaurko aurkezpenean

Kirolaren eta liburuaren asteak antolatu dituzte Zizurkilen. Bihartik igandera kirolaren tartea izango da. Asteartetik aurrera, berriz, hitzaldi eta ipuin kontaketak izango dira nagusi.

Abendua ekitaldiz betea iritsi zaie zizurkildarrei. Bihar bertan hasita eta hilaren 14a arte Kirol Astea izango dute lehenengo, eta ondoren, hilaren 16tik 20ra Liburuaren Asteko ekitaldiak izango dituzte.

Kirol Asteko ekitaldi nagusiak ostiralean eta larunbatean izango dira. Batetik, ostiralean, herriko Jokin Alberdi txirrindulari gaztea omenduko dute eta bestetik, Danena belar artifizialeko futbol zelai berrituaren inaugurazio ekitaldia egingo dute larunbatean. «Oso ekitaldi garrantzitsua da, ilusio handiz egingo dugu. Asko kostatako proiektua da», esan du aurkezpenean Aratz Alkorta Kirol zinegotziak. Inaugurazioa eta gero, Danenan jolastu dutenen arteko beteranoen partida ere ikusi ahal izango da.

Era berean, zinta gainean ibiltzeko lantegia antolatu dute iganderako. Ugane auzoan ariko dira eta euria egiten badu Pedro Mari Otaño ikastetxeko frontoian. Flow Balance elkarteko kideek erakustaldia ere egingo dute Oria ibaiaren gainean. Larunbat gauean krosa egingo dute, bai haurrek eta baita helduek ere.

«Gorputza lantzeaz gain burua ere landu behar denez» Liburuaren Astea ere antolatu dute. Ainhoa Larrea Kutur Teknikariak esan duenez, ipuin kontalarien saioez, Teodoro Hernandorena Ipuin Lehiaketako sari banaketaz eta liburu zein bigarren eskuko azokez gain, Juan Carlos Alonso psikologoaren hitzaldia antolatu dute. Alonsok Haur literatura heziketa emozionala zikloaren bigarren hitzaldia eskainiko du. Hiru hitzaldik osatzen dute azaroan hasitako zikloa.

Honekin batera abenduaren 26an lehen aldiz, haur parkea jarriko dute Intxaur frontoian, goizez eta arratsaldez. Puzgarriak, jokoak eta abar egongo dira bertan. Plazako tabernek pintxo potea eskainiko dute.

 

Kirol eta liburuaren asteak

Abenduak 11, bihar
19:30. ‘Quiero ser como Beckham’ filma, Atxulondon. Ondoren, eztabaidarako tartea Susana Manzanedoren gidaritzapean.

Abenduak 12, etzi
17:00. Zizurkil-Asteasu-Zizurkil bizikletaz txangoa.
18:00. Omenaldia Jokin Alberdiri Atxulondon, eta gero, merienda.
19:00. Irene Caminosen bike trial erakustaldia, Joxe Arregi plazan.

Abenduak 13, etzidamu
10:00. Haurrentzat kirolak eta jokoak Intxaur frontoian, eta ondoren, hamaiketakoa eta opari banaketa.
15:00. IX. Emakume Pilotari Txapelketako 7. jardunaldia, Intxaur pilotalekuan.
15:45. 1 Erregionaleko partida: Danena KE - Ordizia.
18:00. Belar artifizialeko futbol zelaiaren inaugurazioa. Ondoren, Danenan jolastu dutenen arteko beteranoen partida.
22:00. Haurren Gau Krosa..
22:30. Helduen XVIII. Gau Krosa.

Abenduak 14
10:00. Zizurkilgo IV. Pilota Txapelketako finalak, Ziotza pilota eskolak antolatuta, Intxaur pilotalekuan.
16:30. Flow Balance: herritar guztiei zuzendutako zinta gainean ibiltzeko tailerra, Ugare auzoan.
17:00. Flow Balanceko kideen erakustaldia. Ibai gainean zinta bota eta bertan ibiliko dira.
17:30. Tailerraren jarraipena.

Abenduak 16
17:15. Ines Bengoa ipuin kontalaria, Iriarte kultur etxean.

Abenduak 17
17:30. Iraitz Lizarraga zizurkildarraren ipuin kontaketa Atxulondon.

Abenduak 18
18:00. Juan Carlos Alonso psikologoaren hitzaldia, Atxulondon.

Abenduak 19
17:30. Teodoro Hernandorena XIII. Ipuin Lehiaketako sari banaketa, Atxulondo kultur etxean.

Abenduak 20
09:00-14:00. Liburu eta bigarren eskuko azokak, Joxe Arregi plazan.
12:00. Bukalai dantza taldea. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!