Pedro Mari Otañoren eskuizkribuak denen eskura

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abenduaren 3a

Zizurkilgo bertsolariaren Argentinako lanak Koldo Mitxelena gunean izango dira

Zizurkilgo Hernandorena kultur elkarteak bere esku zituen Pedro Mari Otaño bertsolariaren Argentinako eskuizkribuak Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean uztea erabaki du. Gaur goizean sinatu dute hitzarmena eta horrela denen eskura egongo dira aurrerantzean Susana Ardanaz Otaño oinordekoak emandako bertsolariaren lanak. Zizurkilgo elkarteak, jasotako lanen balioaz jabetuta, hauek zabaltzeko eskaini zizkion Gipuzkoako Foru Aldundiari dohaintzan.

Aurrerantzean hortaz, 1894. urteko Pedro Mari Otañoren oroimenak eta 1904. urtean Buenos Aireseko Laurak Bat elkartean aurkeztutako Cátedra de Bascuence eskuizkribuak, eta Alkar eta Poesías Vascas liburuak egongo dira Koldo Mitxelenan.

Bertsorako berezko dotoretasuna zuen Pedro Mari Otañok eta bertso apartak utzi zituen. Ezagunen artean daude Limosnatxo bat edo Mutil koxkor bat, eta herrimina izan zen bere gai nagusia Amerikako Pampetan poeman adierazten duen bezala.

Dohaintzaren ordainetan Gipuzkoako Foru Aldundiak Pello Esnal ikertzailea eta Auspoa taldeko partaideak prestatutako eskuizkribuen argitalpen digitala egin du, 50 ale, bereziki Hernandorena elkarteari, Zizurkilgo Udalari, oinordekoei eta Argentinako kultura erakundeei banatu asmoz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!