Datorren legealdiari begira bilgunea ireki du EAJk

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko aza. 21a, 13:29

'Zizurkil 2015-2019' izeneko proiektua lantzeko herritarren ikuspuntuak, iritziak eta iradokizunak partekatzeko helburuarekin ireki dute gunea.

Marian Lazkano Zizurkilgo EAJren udal taldeko kide eta datorren urteko hauteskundeetako alkategaiak aurkeztu du gunea. Bere esanetan, Zizurkil 2015-2019 proiektuaren helburua "zizurkildarren eskura" egotea da eta Eguberriak bitarte proiektu honen lehen fasea landuko dute. Fase honetan bizilagunen iritziak eta ekarpenak jasoko dituzte eta ondoren, otsailetik maiatzera bitarteko bigarren fasean, aurkeztutako proposamenak landu, zehaztu eta behin betiko proiektuan jasoko dituzte.

Zizurkil 2015-2019 proiektuarekin "pertsonak, hauen duintasuna eta ongizatea" ardatz nagusiak izatea nahi dute jeltzaleek eta herritarren eskaerei erantzuna bilatzen saiatzeko konpromisoa hartuko dute. "Udalaren helburua bizilagunen benetako arazoak konpontzea dela sinesten dugu eta ez berriak sortzea, Bilduk atez atekoarekin egin duen moduan" adierazi du Lazkanok.

Udalgintzako jarduera aldatu beharra ikusten dute Zizurkilgo EAJkoek eta zizurkildarrei zuzendutako zerbitzuetan eta bizi kalitatea hobetzean legealdi hau "galdutzat" eman daitekeela diote Zizurkilgo jeltzaleek. Honenbestez, udalak eskaintzen dituen zerbitzuen inguruan bizilagunek dute ikuspuntua jakin eta partekatu nahi dute jeltzaleek. Hala nola, kaleen mantenua eta garbitasunari buruz eta kiroletako, kulturako eta gizarte zerbitzuen instalazioez edo hiri-altzarien inguruko ikuspuntua baloratu nahi dute "Zizurkil berria" egiteko.

Egokitu berri duten lokala Ernio bidea kaleko 4. zenbakian dago kokatua. Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 10:00etatik 12:00etara eta zizukil2015-2019@hotmail.com posta elektronikoa ere martxan jarri dute ekarpenak jasotzeko.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!