Zizurkilgo eskola garraioa, murrizketen biktima

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko azaroaren 14a

Zizurkilgo udalbatzak idatzi bat aho batez onartu du herriko eskola garraioan egindako murrizketaren inguruan. Eusko Jaurlaritzari atzera egiteko eskatu diote herriko hainbat gurasoren eskaerari erantzunez.

Zizurkilgo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak dira kaltetuak. Ikasturte honen hasieran beste murrizketa bat jasan dute hezkuntza publikora joaten diren DBHko ikasle zizurkildarrak. Duela urte batzuk jasan zuten  bigarren hezkuntzako ikasleek lehenengo murrizketa eskola garraioan: Erniobea institutua martxan jarri zenean, DBHko ikasle guztiek zuten eskola garraioa. Ondoren ordea, etxetik institutura bi kilometroz azpiko distantzia zuten DBH 3. eta 4. mailakoei kendu egin zieten zerbitzua.

Honen ondoren, Zizurkilgo Elbarrenako DBH 1. eta 2. mailako ikasleek eta Zizurkil Goiko DBH osoko ikasleek izan dute garraio zerbitzu hezkuntza publikoa eskaintzen duen Amasa-VIllabonako zentrora. Aurtengo ikasturte berria hasi baino lehen, ordea, gutuna jaso zuten herriko bigarren hezkuntza ikasleek. Gutunak azaltzen zuenez, DBHko lehen bi mailetako ikasleei kilometro pareko distantzia-muga ezarri zaie. Erabaki honekin, Elbarrenan bizi diren maila horietako ia ikasle guztiek autobus zerbitzua galdu dute. Bestetik, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleei distantzia muga hau lau kilometrotara handitu diete. Azken aldaketa honek Elbarrenako ikasleei bakarrik ez, Zizurkil Goiko bederetzi ikasleri ere eskolara joateko garraio zerbitzutik at utzi die.

Egoeraren larritasunaz jabetuta, hezkuntza delegaritzarekin jarri ziren harremanetan eskualdeko udalak eta Erniobea institutua. Adostasun batera iritsi ziren azkenean. Autobusean nahikoa leku zegoenez, zerbitzutik kanpo geratu diren ikasleak ere sartuko dira autobusean aurten. Erabaki honek, ordea, ez du ziurtatzen datorren urterako ikasle guztientzako zerbitzua. Gurasoek Jaurlaritzak neurria bertan behera uztea nahi dute.

Hiru puntuko idatzia onartu du udalbatzak aho batez, Bildu eta EAJren botoekin:

1-Zizurkilgo Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio atzera egin dezala eskola garraioan eta jangela zerbitzuan egindako murrizketetan, gutxienez, aurtengo iraila aurreko egoerara itzuliz.

2-Zizurkilgo Udalbatzak adierazten du herrian Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza zentrorik ez izanda, Jaurlaritzaren betebeharra dela haurrei eskola garraioa jartzea.

3-Zizurkilgo Udala prest dago bitartekaritza egiteko Eusko Jaurlaritzaren eta kaltetutako gurasoen artean. Elkarrizketarako eskua luzatzen dio Jaurlaritzari.

Zizurkilgo gurasoek eta Udalak berak, ez dute baztertzen protesta ekimenak burutzea Jaurlaritzak atzera egin ezean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!