Birziklatzen dutenak saritu; zikintzen dutenak zigortu

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko azaroaren 10a

Modu egokian birziklatzen duten zizurkildarrek tasa murriztuagoa izango dute. Hondakinak bide publikoan bereizi gabe uzten jarraitzen duten herritarrek, berriz, tasa berri osoa ordaindu beharko dute, aurtengoa baino %30 gehiago, alegia.

Udalak ez du igoerarik egingo tasetan "egoera ekonomikoak horrela eskatzen duelako". Salbuespen bakarra, hondakinen tasarena izango da.

Ahalik eta gehien birtziklatzeko helburuarekin jarri zuen martxan atez-ateko bilketa sistema udalak, eta birtziklatzen dutenen ahalegina aitortuko dute tasen bidez. Horretarako Tolosaldeko hondakinen mankomunitatearen ordenantza baliatuko dute.

Bestalde, hondakinak bide publikoan bereizi gabe uzten jarraitzen duten herritarrei udal tasa berria aplikatuko zaie, oso-osorik. Aurreko urtekoarekin alderatuta, %30 inguruko igoera du tasak. Kopuru hori zabor nahasia bildu eta zabortegira eramateak udaleko diru-kutxan eragiten duen gain kostuarekiko proportzionala da.

Udalak prentsa ohar bidez azaldu duenez, tasa sistema hau "bidezkoagoa da, herritarren gehiengoak ez baitu zertan jasan batzuek bide publikoan hondakinak bereizi gabe uzteagatik eragiten duten gain kostua".

Dena den, tasa horiek ez dira finkoak, herritar bat birziklatzen hasten denean tasaren murrizketa aplikatuko baitzaio. Hori dela eta, tarifa murrizketa jasoko dutenen zerrenda eguneratua edukitzeaz eta irakurketen erregulartasuna frogatzeaz hilabetero arduratuko da udala. Tarifa murrizketaren onuradun izateko, mankomunitateko ordenantzak ezarritakoaren arabera kudeatu beharko dira hondakinak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!