Zizurkilgo EAJK "zikinkeria" egoera salatu du

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko aza. 5a, 10:55

Hondakinak poltsetan ateratzen dituzten herritarrak "gehiago" direla diote jeltzaleek eta lehen lurreko poltsak jasotzen zirela.

Zizurkilgo EAJren udal taldeak «herriko kaleek agertzen duten zikinkeri egoera» salatu du ohar baten bidez. «Dozenaka zabor poltsa» kaleetan jaso gabe egoten direla adierazi dute legealdi honetan oposizioan diharduten udal taldeko kideek.

Komunikabideei bidalitako mezuan azaldu dutenez, «atez atekoa ezarri zutenetik herriko kaleak zikin itxura agertzen dute mankomunitatekoak diren hondakin bilketen zerbitzuek ez dituztelako jasotzen lurrean lagatako zabor poltsak» eta azken jarrera honek «txakur eta arratoientzako puntu erakargarriak bilakatzeko arriskua» dakarrela gaineratu dute.

Lehen, edukiontzien bidez zaborrak biltzen zirenean, lurrean eta edukiontzietatik kanpo ere «zabor poltsak» agertzen zirela gogoratu dute Zizurkilgo EAJkoek baina edukiontziak husterakoan hauek ere jaso egiten zirela. Atez ateko bilketa sistema «inposatu» ostean udalak bilketa egiteko ardura dutenei «ezer ez» esatea ezin dela onartu esan dute herriko talde jeltzaleko kideek.

Zizurkildarrek lurrean uzten dituzten «zabor poltsa ugariak» herritarrengan sortzen jarraitzen duen «arbuio handiaren seinale argiena» direla gehitu dute Marian Lazkano zerrenda buru duen udal taldetik, «gaur egun gehiago baitira zaborra poltsetan ateratzen dutenak ontzietan baino». Oraingo sistema «garestiago, deserosogoa eta zikinagoa» dela ere adierazi dute udal taldekoek.

Ibarrako adierazpen antzekoa

Zizurkilgo EAJk Ibarrako udal taldeak hamar egun lehenago bidalitako adierazpen bertsua helarazi die komunikabideei. Gaiaren antzekotasuna kontuan izanda hainbat puntu bateratu ikusi dituzte bi herrietan jeltzaleek eta bi herrietarako galdera bera luzatu dute: «Akaso zizurkildarrok (hamar egun lehenago ibartarrok) ez dugu behar adina ordaintzen zabor guztia jaso dezaten lehengo sistemarekin egiten zen moduan?».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!