Marian Lazkano da EAJren alkategaia Zizurkilen

Ataria 2014ko urriaren 9a

Zizurkilgo EAJk aho batez aukeratu du Marian Lazkano datorren urteko hauteskundeetan alkategai izateko. Oraindik hauteskundeetako zerrenda osatzeko lanetan daude alderdian eta Zizurkil Prest ekimenaren bitartez gizarte eragileen eta sektoreen ekarpenak jasotzen ari dira.

Zizurkilgo alkate izana da Lazkano eta gaur egun EAJren bozeramailea da udalean. Olatz Peon, EAJko bailarako burukideak aurkeztu du Marian Lazkano gaurko agerraldian eta erronka honen aurrean erakutsi duen prestutasuna eta jarrera ona azpimarratu nahi izan ditu Peonek. Une honetan ezker abertzalearen esku dagoen gobernuaren benetako alternatiba izan nahi du Lazkano buru izango duen taldeak.

2015eko hauteskundeetako alkategaiak, bere aldetik, Zizurkilgo EAJko taldeak eman dion babesa eta konfiantza eskertu ditu. "Pertsonak, hauen duintasuna eta ongizatea" markatu ditu alkate ohiak Zizurkilgo proiektuaren ardatz nagusitzat. Zizurkilek aldaketa bat behar duela dio Lazkanok, zizurkildarren benetako arazoei erantzuna emateko, "ez berriak sortu, hemen atez atekoarekin gertatu den bezala". Zizurkilek dituen behar eta erronkak aztertzeko, herriko eragile eta sektoreekin biltzen ari dira dagoeneko EAJkoak beraien ekarpenak jasotzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!