P.M. Otaño plazako zuhaitzaren egoera oso kaskarra dela jakinarazi dute teknikariek

Ataria 2014ko urriaren 3a

Zizurkilgo Udalaren eskariz, Fraisoroko teknikariek azterketak egin dizkiote P.M. Otaño plazako zuhaitzari. Mendeurrena gertu duen zuhaitzaren egoera uste baino okerragoa dela ondorioztatu dute. Zuhaitza botatzea proposatu dute teknikariek.

Erdia baino gehiago ihartuta dago eta karga gehiena alde batean du. Lehen neurri gisa, datozen egunetan, zuhaitzari karga kentzeko adarrak moztuko dizkiote Udal langileek. Horrela, arriskua ekidingo da.

Zuhaitz berria

Teknikariekin aztertuta, zuhaitz berria aldatzeko garai onena datorren udaberri aurrea dela ondorioztatu da. Zein zuhaitz aldatu herritarrek erabakitzea da udalaren asmoa: dauden aukerak mahai gainean jarri eta zizurkildarrak izan daitezela erabakiko dutenak. Urte amaiera aldera egingo da erabakitze prozesua. Zuhaitz zaharra bota eta berria aldatzearekin batera berrituko da P.M. Otaño plazako zorua, beraz datorren urtera arte atzeratuko dira lan horiek, zuhaitza ateratzeko zulo handia egin beharra dagoelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!