Otaegi, berriro ere lehian

Mikel Iraola 2014ko uztailaren 24a

Joan den urteko irailean utzi zuen aizkora lesio batengatik. Urte hasieran ekin zien berriz ere entrenamentuei, eta azken hilabete honetan agerraldi batzuk egin ostean, larunbatean Mendaron lehiatuko du lehen aldiz Gipuzkoako txapelketan.

Joseba Otaegik ia urtebete eman du geldirik. Pasa den urteko apirilean mina sentitzen hasi, eta irailean lehia alde batera utzi zuen, osatzeko asmoz. "Kezka nuen garai hartan, geroz eta min handiagoa sentitzen nuelako, eta agian, zerbat grabea izango zelako. Azkenean ez da horrela izan eta gaitzerdi", azaldu du zizurkildarrak.

Urte hasieran hasi zen entrenamenduekin, "pixkanaka", eta joan den hilabetean hasi zen herriko festetan erakustaldiak egiten, Loiolan, Asteasun edo Alegian, esaterako. "Sentsazio onak izan ditut, batez ere Asteasun. Alegiakoa ezberdina izan zen, ez genuelako ezaugarri bereko enborrekin lehiatu".

Gipuzkoako txapelketa izango da estreinaldiko lehia Otaegirentzat, eta bere "maila zein den jakiteko erreferentzia" izango dela dio: "Lesiotik ez dut aurkari horien aurka lehiatu, eta nola nagoen ikusi nahi dut. Beraz, lehiaketa erritmoa hartzeaz gain, ez noa bestelako helburu batekin txapelketara.

Larunbatean, 18:00etatik aurrera, Mendaroko Goñati pilotalekuan arituko da. Unai Otaño ibartarra ere bertan izango da. Gainontzeko aizkolariak, Iñaki Azurmendi, Mikel Larrañaga eta Joxemari Olasagasti izango dira. 54''ko lau enbor, 60''ko beste adina, eta 72''ko bi ebaki beharko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!