Elikagai bankurako janari sortak egiteko boluntarioak behar dira

Maier Ugartemendia 2014ko uztailaren 16a

Elikagaien sortak hilaren 26an prestatuko dituzte eta lagundu nahi duenak izena eman behar du

Zizurkilgo Udalak bat egin du Europar Batzordeko elikagai programa batekin eta honenbestez martxotik abian da elikagaien banaketa. Gauzak honela, lau hilabetez behin, herrian beharrean dauden familiei janari sorta handiak banatuko zaizkie. Gaur egun, beharrean diren herriko 72 familiek eman dute izena elikagai horiek hartzeko.
Banaketa egiteko, ordea, ezinbestekoa da familia bakoitzaren beharren araberako janari sortak egitea. Aurreko aldian bezala, boluntarioen laguntza behar dute. Sortak hilaren 26an, larunbat goizean, egingo dituzte. Janariak aste horretan iritsiko dira eta larunbatean sortak eginez gero, uztaileko azken astean banaketa egiteko moduan izango dira. Lan txandetan parte hartu nahi dutenek bi modu dituzte: Aiztondo mankomunitatean izena emanda edo 943 69 39 30 telefonora deituta. Lehen banaketan herritarren erantzuna bikaina izan zen, eta oraingoan ere, Zizurkilgo Udalak parte hartzeko deia egin du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!