Fraisoron gastronomiaren arlo ezberdinak lantzen ari dira 20 gazte

Maier Ugartemendia 2014ko uzt. 7a, 12:36
Gaurko ikastaroan baratzetako sekretu guztiak ikasi dituzte ikasleek, Fraisoroko Xabier Muruamendiarazen eskutik; ondoren, baratzean jasotakoa prestatu eta bazkalduko dute

Afiziotik ofiziora salto egiten dute sukaldaritza gustuko duten gazte askok Basque Culinary Centerretik igarotzen direnean.  Hain zuzen ere, egun hauetan Zizurkileko Fraisoro Nekazaritza eskolan bildu dira gastronomia mundua gogoko duten hamabost eta hamazazpi urte bitarteko hogeita bat gazte.
Ekainaren 30ean hasi eta gaur amaituko da Basque Culinary Centerrek antolatutako Gipuzkoako Udaleku Gastronomikoa. Udaleku honetan gazteek gastronomiaren sekretuak ezagutzeko aukera izan dute, eta Aitzol Zugasti sukaldariburua eta Basque Culinary Centerreko irakaslea izan dute koordinatzaile lanetan.
Hamar egun hauetan Fraisoro eskolan egon diren gazteak ez dira, Euskal Herrikoak soilik izan. Espainia guztikoak ere badaude: Ceuta, Marbella, Madril, Barztelona... Egun bereziak izaten ari dira gazteentzat honakoak, eta nabaria da beraien artean daukaten giro bikaina. Batera igaro dituzten hamar egun nahikoa izan dituzte laguntasun harremanak sortzeko.  
Aitzol Zugasti koordinatzaileak azaldu bezala, beraientzat «esperientza oso ona» izaten da. Gainera, aurten beraien artean «oso ondo» moldatzen dira, eta «giro ona» daukate; «kimika berezia» sortu da. Antolatzaileak ere gustura daude aurtengo taldearekin: «oso langilea eta oso ona da».
Esperientzia hain ona izanik, zenbait gaztek errepikatu ere egiten dute. Aurten, esate baterako, zazpik errepikatuko dute. Gehienak iaz Malagako udalekuetan egondakoak. Izan ere, ikastaro hauek Espainiako leku ezberdinetan ere ematen dituzte.
Batzuek sukaldaritza pasio izatetik ofizio izatera pasatzea nahi dutela argi dute, eta horiek «sekulako arreta» jartzen dute. Beste batzuek, berriz, ez dute beren burua horretan ikusten, baina gustuko dute eta ikasten jarraitu nahi dute.
Ikasgelatik praktikara
Udaleku hauetan bildu diren gazteei gastronomia transmititzeko hainbat dinamika burutu dituzte. Tailerretan, esate baterako, elikagai desberdinak ezagutu dituzte. Baina, ezagutzeaz gain prestatu eta dastatu ere egin dituzte. Horrez gain, Zugastiren esanetan «garrantzitsuak diren beste balore batzuk» ere ikasten dituzte. Beraiek egiten baitute otorduaren «kudeaketa guztia».
Horrez gain, jatetxeak ezagutzeko aukera izan dute, bisitaldiak egin dituzte eta sukaldaritza mota ezberdinak ezagutu dituzte.
Garrantzia berezia eman nahi izan diete, hala ere, lehen sektoreari, eta horrexegatik aukeratu dute Fraisoro. Bertan baratzeak eta abereak dituzte, eta egunero lehen eskutik jasotzen dituzte produktuak. Zugastik azaldu bezala, egunero behien esnea hartzen dute, «benetako esnea, ez  kaxako esnea».
Baratzeko produktuak jasotzen
Udalekuak gaur amaituko dituzte Basque Culinary Centerrera bisita bat eginda. Baina, hori baino lehen, atzokoan ere ikasitakoa praktikan jartzeko eguna izan zuten.
Goizean, Eider Sanchez nutrizionistak elikagaien ekilibrioa nola lortu azaldu zien, osagaiak banatzearen garrantziari buruz ere hitz egin zien. Ondoren, azken hogeita zazpi urteetan Fraisoroko irakasle izan den Xabier Muruamendiaraz irakasleak egun baratzean dauden produktu guztien inguruko gorabeherak azaldu zizkien, eta ikasleek arretaz jarraitu zituzten Muruamendiarazek aipatutako kontu guztiak. Interes hori, gazteek egiten zizkioten galdera mordoan nabari zen.
Muruamendiarazek garaian garaiko produktuak erosi eta kontsumitzearen garrantziaz hitz egin zien. Irakaslearen esanetan, eguraldiak eragin nabarmena du ekoizten den produktuan, baina itxura txarragoa izanagatik ere produktua «non, noiz eta nork» produzitua izan den jakitea da benetan garrantzitsua. Izan ere, «badakigu hori ona izango dela».
Bestalde, produktua garaian erosteaz gain, helduta dagoenean erostearen garrantziari buruz ere hitz egin zuen.
Honenbestez, azalpen teoriko guztien ostean, Fraisoroko baratze guztiak bisitatu zituzten gazteek eta gero bazkarirako erabiliko zituzten zenbait produktu euren eskuz jaso zituzten: bainak, kuaitxoak, mugurdiak, tomateak... Behin guztia jasota sukaldatu eta dastatu ere egin zituzten. Gauean, berriz, ikasleen eskaerei erantzunez, janari orientala prestatu zuten.
Atzoko egunaren ostean, aipatu bezala, gaur emango diete amaiera. Ziurrenik askorentzat egun tristea izango da, bertako lagunak agurtu beharko baitituzte. Baina, ziur gastronomiaren garra piztuta joango direla gehienak etxera. Agian, egunen batean gazte hauetakoren bat  sukaldari handien artean ikusiko dugu, Michelin izarrez inguratuta.  Baina, ziur beste asko euren etxeko sukaldeetan ariko direla egunero izar txikiagoak, baina goxo-goxoak prestatzen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!