Hormigoi instalazioaren aurkako espedientea artxibatzeko presioak salatu ditu Zizurkilgo Udalak

Tolosaldeko Ataria 2014ko uzt. 3a, 16:37
AHTko azpiegituraren eraikuntza lanen ondorioz hainbat herritan eman diren irregulartasunen berri eman du gaur goizean, EH Bilduk. Koalizioak salatu duenez, "udalei bizkar emanez, hormigoi instalazioak eraiki dira azpiegitura lan hau hornitzeko". Herri horien artean dago Zizurkil.

Hormigoi instalazio hauek ez dira AHT lanetarako proiektuetan ageri, eta hainbat sententzietan ilegaltzat jo dituzte. EH Bilduk gaur hiru sententziren berri eman du, "hiruak EAEko epaitegi ezberinak emanak eta garai ezberdinetakoak dira".

Egoera ikusita, bai Zizurkilen eta baita Antzuolan ere udalek hormigoi instalazio hauen gaineko espedienteak zabaldu dituzte. Andoainek sententzia tinkoa jaso du dagoeneko hormigoi instalazioa ilegala dela esanez. Zizurkilgo kasuan, EH Bilduk esan du "udal eskuduntzak inbadituz, legeak eta epaitegiek argi utzi duten espedienteak artxibatzea eskatu dute ETSk eta Eusko Jaurlaritzak". Koalizio abertzaleak nabarmendu du, "udalak lagundu beharrean, oztopatu, desbideratu edo are larriago dena obraren promotoreak udalak presionatzen ari dira".

Hormigoi instalazio hauek lizentziarik gabeko jarduera industrialak dira. Hortaz, Eusko Jaurlaritzari esijitzen diote, "berehalako neurriak hartuz instalazio ilegal hauen jarduera eteteko. Obra hauen eskuduntza eta titulartasuna Jaurlaritzarena denez, legea betearazi dezala eta jarduera ilegal hauek salatu ditzala eskatzen dugu". Lehen bait lehen erantzun bat eman dezala eskatzen diote.

EH Bilduk gobernatutako udaletatik irregulartasun hauen aurrean eramango dituzten ekinbide juridikoak aztertuko eta publiko egingo dituzte egunotan.

 



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!