Sukaldaritza eta Gastronomia udalekuak egiten ari dira Fraisoron

Ataria 2014ko ekainaren 30a

Bculinary Udan izenpean hirugarrengoz egiten ari dira Itxasmendikoi Fraisoro Nekazaritza Eskolan Gipuzkoako Sukaldaritza eta Gastronomia udalekuak. Gaur hasi dira eta uztailaren 7a bitarte egongo dira bertan 15 eta 17 urte arteko 20 gazte. Larunbatean Tolosako azoka ezagutzeko aukera izango dute.

Basque Culinary Centerrek  gastronomiaren mundua gogoko duten 15 eta 17 urte bitarteko gazteentzat antolatutako udalekuetan 20 gazte ari dira gastronomiaren sekretuak ikasten.  Basque Culinary Centerreko irakasle eta chef Aitzol Zugaztik eta zenbait monitorek lagunduta, sukaldaritzaren munduarekin lotutako lantegi praktiko, irteera eta bisitaldiak egingo dituzte. Gaur hasi dira eta uztaialren 9a arte egongo dira bertan.

Eguneroko zereginetan, gonbidatutako chefen eskutik, errezeta tradizionalak, sukaldaritza berritzaileko teknikak, sukaldari ospetsuekin praktikak, bisitaldiak, irteera interesgarriak eta denbora libreko jarduerak izango dituzte.


Horrez gain, baratzezaintzan, abeltzaintzan edo hegazti-hazkuntzan adituak diren Itxasmendikoi Fraisoro Nekazaritza Eskolako irakasleak produktuarekin zerikusia duten irakasgaiez arduratuko dira. Bestalde, nutrizioaren eta dietetikaren arloko adituek ere hartuko dute parte, eta taldearekin lan egingo duten monitoreek garapen pertsonaleko gaitasunak landuko dituzte: talde-lana, naturarekiko errespetua eta sormena.


Horiek horrela, besteren artean, Tolosako azoka bisitatzera joango dira eta bertan erosketak egingo dituzte, sukaldari aditu batek lagunduta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!