Pilota txapelketa «berezia» jokatzen dute Zizurkilen

Maier Ugartemendia 2014ko eka. 30a, 12:50
Zimiterioko txapelketaren hamabigarren edizioan hogeita bat bikotek eman dute izena aurten

Zizurkilgo Ziotza Kirol Elkarteak hamabigarren urtez antolatutako Zimiterioko binakako esku pilota txapelketa hasi da aurten ere. Aratz Alkorta antolatzailearen esanetan, «erabilera askorik ez zuen frontoi bat» zutela ikusi zuten, eta pilotalekuari «bizia emateko» modurik onena «txapelketa ez federatu bat» antolatzea zela erabaki zuten.

Txapelketa berezia da Zimiteriokoa. Alkortak azaldu bezala pilotalekuak ezaugarri bereziak ditu: «luzeran ez da ohiko frontoien erdira ere iristen, altura baxua du, kontrakantxan ez dauka leku asko eta bi zutoin ditu. Gainera, atzean zati bat irekita dauka eta pilotak askotan hortik joaten dira». Ezaugarri horiek beste frontoietan baino «joko gehiago» izatea eragiten du, «joko biziagoa» izanez. Ondorioz, pilotarekin «gehiago» aritzen dira pilotariak, eta ikuslearentzat «politagoa» da.

Aurtengo finala abuztuaren 16an

Txapelketak urteetan zehar «arrakasta gero eta handiago» izan du. Hasieran hamabi-hamahiru bikotek ematen zuten izena, baina pixkanaka «igotzen» joan da, eta aurten, esate baterako, 21 bikotek eman dute izena. Bikote kopurua igo den bezala, Alkortaren ustez, pilotarien maila ere «dezente igo» da. Egun maila «polita» dago eta afizionatuetan «puntan» ibiltzen diren pilotariek ere parte hartzen dute. Aste honetan bertan profesionaletarako saltoa egin duen Julen Urruzola pilotari asteasuarrak ere «hiru txapela» eskuratuak ditu txapelketa honetan.

Txapelketan izena emateko aukera ekainaren hasieran zabaltzen dute antolatzaileek, parte hartzaileek 10 euroko inskripzioa ordaindu behar dute, eta zozketa ekainaren erdialdean egiten da. Lehenengo fasean «liga txiki bat» jartzen dute. Hor lau talde egiten dituzte eta bakoitzean bost bikote jartzen dituzte. Talde bakoitzeko lehen biak kanporaketa fasera pasako lirateke, eta finala Zizurkilgo festetan jokatuko dute: «aurten abuztuaren 16an, larunbatean, izango da».

Aurtengo txapelketa lehengo larunbatean hasi zen, eta oraingoz «arazorik gabe» doa.

Faboritoei buruz galdetuta, Alkortaren ustez iaz txapelketa irabazi zuten «Jon eta Aritz Eskudero andoindarrak» dira irabazteko aukerak dituztenak. Bestalde, «Ojuel eta Esnal hernaniarrak» ere txapela eskuratzeko gai ikusten ditu, «profesionaletan ibilita» baitaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!