Zizurkilgo nigeriarren kulturara hurbiltzeko festa afrikarra

Maier Ugartemendia 2014ko maiatzaren 22a

Maiatza Saltsanen barruan biatloia, festa afrikarra eta Kukai dantza taldea izango dira asteburu honetan

Zizurkilen Maiatza Saltsaneko ekimenak ospatzen ari dira burubelarri, azken aste hauetan. Datorren asteburuan ere izango da zer ikusi eta entzun. Larunbatean, hilaren 24an, 11:00etan klasiko bat bihurtu den kirol ekitaldia egingo da Zizurkil Goian: XVI. Biatloia. Haur eta gaztetxoek beren abileziak erakutsiko dituzte beste urte batez.
Goizean kirola egin ondoren, arratsaldean festarako txanda izango da. Izan ere, aurtengo Maiatza Saltsan aniztasunaren inguruan dago ardaztua, erro ezberdinak dituzten zizurkildarren kulturak ezagutzea du xede, eta antolatze lanetan zebiltzala konturatu ziren Zizurkilen gero eta ugariagoak direla nigeriarrak, eta haien kulturara gerturatzeko asmoz, eta elkarren artean zubiak eraikitzeko helburuarekin, festa afrikar bat antolatu du udalak herrian bizi diren nigeriarrekin elkarlanean. Honekin lotuta, 19:00etan Zizurkilgo nigeriarren gospel kontzertuaz gozatzeko aukera izango da eta 20:00etan perkusio eta dantza afrikarrak, sabel dantza erakustaldia eta Nigeriako produktuak dastatzeko aukera izango da. Udalak herritar guztiak «gonbidatu» nahi izan ditu festa honetan parte hartzera.


Kukai taldearen emanaldia
Hilaren 25ean, igandean, Kukai dantza taldearen Gelajauziak emanaldia ere izango da Zizurkil goiko Pedro Mari Otaño plazan, 19:00etan. Emanaldi «ikusgarria» izango dela iragarri du udalak.
Kale emanaldi hau 2014ko udaberrian estreinatu zen, eta proiektu honek Cesc Belabert koreografo handia eta Kukai dantza konpainia batzen ditu, Cesc Gelabert handiaren begiradak gidaturik eta Kukaiko dantzarien abileziaz aurkezturik. Nestor Basterretxea artistaren lankidetza ere izan dute lan horren sorreran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!