Ainhoa Gil: «60ko hamarkadako etorkinei omenaldia egin nahi izan diegu»

Maier Ugartemendia 2014ko mai. 15a, 09:15
Maiatza Saltsaneko egitarauaren barruan, Ainhoa Gilek eta Irene Larrañagak sortutako ‘Del Pueblo Zizurkilera, etorkizun berriaren bila’ dokumentala aurkeztuko dute, 19:00etan, Atxulondo kultur etxean.

Maiatza Saltsaneko egitarauaren barruan, hilaren 17an, Del Pueblo Zizurkilera, etorkizun berriaren bila izeneko dokumentala aurkeztuko dute, 19:00etan, Atxulondo kultur etxean. Dokumentala Ainhoa Gilek (Villabona, 1977) eta Irene Larrañagak osatu dute. Dokumentalaren ondoren, Jon Maia bertsolariak Desde Extremadura al bertsolarismo hitzaldia eskainiko du. Amaitzeko, komunitate desberdinetako herritarrek festa bat ere antolatu dute.

Nondik sortu zen dokumental hau egiteko ideia?
Ekimena Zizurkilgo Udalarena izan da. Maiatza Saltsan ekimena antolatzen hasi zirenean konturatu ziren etorkinen gaia lantzen zenean oso urrititik etorritako etorkinen ingurukoak izaten zirela. Baina, herritar talde handi bat zegoela 60ko hamarkadan espainiar Estatutik etorri zirenak, eta horiekin ez zela inoiz ezer egin. Hori kontutan hartuta bideotxo bat egiteko asmoz deitu ziguten. Testigantzak jaso eta omenalditxo bat egiteko eurei.

Zenbat herritarrek eta zer perfiletakoek parte hartu dute?
Guztira 12 emakume eta gizon izan dira. Gehienak 1960 inguruan gazte zirela etorriak; orain erretirodunak direnak. Eta baita ere elkarrizketatu ditugu, bigarren belaunaldikoak, etorritakoen seme-alabak. Kasu batean, ama eta semea elkartu ditugu testigantza bat biltzeko.

Eta jatorriari dagokionez?
Gehienak Extremaduratik etorritakoak dira, Caceres ingurukoak. Andaluziako gizon bat eta Castilla inguruko beste pare bat ere bai. Garai hartan Zizurkilera etorritako gehienak Extremadurakoak ziren.

Zenbait herritarrentzat ez zen erraza izango hasieran hona egokitzea, ezta?
Ez. Lanpostua lortzea oso erraza zen garai horretan, hemengo enpresek eskulana behar zutelako. Baina, etxebizitza lortzea beste kontu bat zen. Gero eraikitzen joan diren arren, momentu hartan ez zegoen. Orduan, beraien egoera ekonomikoa zaila zenez, gelak alokatuz eta etxeak konpartituz moldatu behar izan zuten. Kultura, giroa, eguraldia... Dena oso desberdina zen eta lehenengo urteak oso zailak egin zitzaizkien. Batek kontatu zigun, esate baterako, eraikuntzan hasi zela lanean, baina, oso hilabete gutxira utzi zuela, zeren euria besterik ez zuela egiten eta ez zegoela horretara ohituta. Azkenean paper fabrikan hasi zen lanean eta hor egin ditu 45 urte. Azken finean, dena zen oso desberdina eta ez zegoelako ohituta zirimirira eta hotzera.

Euskarari dagokionean ere egokitzapen bat beharko zuten, ezta?
Bai. Kasu bat izan genuen, hamalu ordu trenean pasa ostean, trenetik jaitsi eta Asteasura joan zenean mosto bat edatea joan zela tabernara lagun batekin, eta inguruko guztiak hizkuntza ezberdin batean sumatu zituenean hitz egiten, Frantziaraino joan zela pentsatu zuen, berak ez zuela euskara bazenaren arrastorik ere. Garai hartan jende asko taldean etorri zen eta talde hori mantendu egin zuten hemen. Hortaz, jende euskaldunarekin harreman gutxiago izan dute eta orduan, euskaraz ikastea zailagoa egin zaie. Kasu batzuetan, orain ari dira pixkana ikasten, euskaltegira joanez; eta batzutan ulertzeko gaitasuna dute, baina, hitz egitekoan lotsatu egiten dira.  

Gaur egun nola bizi dute zizurkildar izatea bai beraiek eta baita euren ondorengoek ere?
Beraiek oso zizurkildar sentitzen dira jada; askok esaten duten euren herrietan baino denbora gehiago pasa dutela Zizurkilen. Hemen egin dute lana, hemen jaio dira seme-alabak, hemen bizi dira, eta gustura joaten dira beren herrira oporretara edo denboralditxo bat pasatzera. Baino, askok esaten dute hara iritsi eta 15 egun pasatzerako hona itzultzeko desiatzen gogoarekin daude. Hona egokituta daude; eta zer esanik ez euren ondorengoak. Hemen jaio dira, eskolara joan dira, lana egiten dute, seme-alabak hemen jaio dira. Bigarren belaunaldi honek euren gurasoen kultura bizi izan dute oporretako zerbait bezala. Oporretan euren gurasoen herrira joan, han 15 egun pasa eta buelta hona.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!