Zizurkilek erretirodunen egoitza berria du

Mikel Iraola 2014ko mai. 6a, 15:48
Joxe Arregi plazan kokatua dago, zaharraren ondoan, eta 90 metro karratu inguru ditu. Erretirodunek oso pozik hartu dute egoitza berria. Goizean izan da inaugurazio ekitaldia.

Pozik. Horrela hartu dute Zizurkilgo erretirodunek eurentzat egindako egoitza berria. Hemendik aurrera, ongi egokitutako lekua izango dute hirugarren adinekoek jolasean ibili, kontu kontari egon edota, beste mila ekintzetan parte hartzeko.

Egoitza zaharraren ondoan kokaturik dago berria, Joxe Arregi plazan eraiki berri diren etxebizitzen azpian. Guztira 90 metro karratu inguru ditu, eta mahai eta eserleku askoz betetako gela nagusiaz gain, helbarrientzat egokitutako komunak eta bulego bat ditu. Joxe Mari Luengo, Zizurkilgo alkateak azaldu duenez, espazio hori egokitzeko 90.000 euro inbertitu ditu udalak.

Pintxo dastaketa batekin egin diote harrera egoitza berriari Zizurkilgo erretirodunek. Alkateaz gain, bertan izan dira elkarteko ordezkari eta dozenaka bazkide. Eladia Jauregi idazkariak azaldu duenez, euren beharrizan guztiak asetzen ditu egoitza berriak: "Lehen tabernarekin konpartitzen genuen lokala, eta ez zegoen modu egokian jarria. Gaur egun, nahiz eta txikiagoa izan, hobeto dago". Lasaiagoa dela ere badio: "Atea itxi eta ez da kanpoko soinurik entzuten". Zerbitzu aldetik ere, kafe makina jarri diete, eta oso gustura daudela azaldu du Jauregik: "Ez daukagu hemendik mugitu beharrik".

300 erabiltzaile
Zizurkilgo erretirodunen elkarteak 300 bazkide ditu egun, nahiz eta egunerokotasunean 70 lagun inguru biltzen diren. Asteburuetan, berriz, zertxobait gutxiago, batzuk Amasa-Villabonako egoitzara joaten baitira. "12 euro ordaintzen ditugu urtean, eta 85 urte baino gehiagok ez dute kuota hori ordaindu behar", azaldu du Pilar Antolin, elkarteko zuzendariak. Mahai jolasetan pasatzen dute denbora gehien, eta asteburuan, bingoa dute. "Gimnasia, yoga eta josketa ikastaroak dauzkagu. Aldian behin hitzaldiak eta irteerak ere antolatzen ditugu". Orain, ekintza gehiago antolatzeko "aitzakia ona" dutela aitortu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!