Inbertsio «mugatuak» izango ditu Zizurkilgo aurrekontuak

Maier Ugartemendia 2014ko api. 16a, 17:00
Danena futbol zelaia berrituko dute; honakoa izango da urteko inbertsiorik handiena

Astelehenean pleno bitartez onartu zuten Zizurkilgo 2014ko aurrekontua. Guztira 3.123.000 eurotako aurrekontua izango dute aurtengoan. Nerea Lizarraga Ogasun zinegotziak aurrekontua osatzeko «zailtasunak» izan dituztela onartzen du, izan ere, eurak udalean sartzean aurkitu zuten zorpetze mailak «baldintzatu eta zaildu» egin omen du aurrekontua osatzeko lana. Hala ere, aurrekontua osatu dute eta lan batzorde bakoitzak ere lan egin behar izan du aurrekontua antolatzeko.

Gastuen banaketari dagokionez, 1.800.00 euro gastu finkoak ordaintzeko erabiliko dira, Lizarragak azaldu bezala aurrekontuen zatirik «handiena» da; nahiz eta, aurreko urteetan gastu hauek «jaisten» ere saiatu izan diren.

Bestalde, kulturarekin, gazteriarekin, kirolarekin edo euskararekin lotutako ekimenak mantentzen edo gehitzen jarraitzen dute. Eta hauek mantentzeko ahalegina egin dute, herriari «bizia» ematen diotelako. Kostuei arreta jarri diete, eta zenbait ekimen herritarren artean «bideratzen» saiatu dira. Baina, hau ere positiboa dela uste du Lizarragak , izan ere, herritarrengandik datozten gauzak «politagoak» direla uste du. Gizarte zerbitzuetan ere aurrekontua mantendu dute, «beharrezkoa» dela iritzita.

Inbertsio «mugatuak»
Esan bezala, aurreko urteetan aurkitutako zorpetze maila «altuak», aurrekontua arreta handiz prestatzea eragin du. Hori dela eta, inbertsioak egiterako orduan ere «mugatuak» egon direla azpimarratu zuen Lizarragak. Inbertsio «nagusia» Danenako futbol zelaiarena izango da. Bertan belar naturala dago egun, eta belar artifiziala jarri eta aldagelak berrituko dituzte. Lan hauek 330.000 eurotako gastua izango dute; hala ere, 250.000 eurotako diru laguntza jasoko dute horretarako, 100.000 euro kirol federaziotik eta 150.000 Gipuzkoako Foru Aldunditik.

2014an egingo den beste inbertsioetako bat Elbarrenako trenbide azpiko zubian egingo dena da. Bertan «ur filtrazioak» daude, eta zubi azpia nahiko «hondatua» dago. Horregatik, azpialdean panelak jarriko dituzte «euriari aurre egiteko», eta argiztatu ere egingo dute. Eskolaren inguruan ere egingo dute beste inbertsio bat. Atzealdean autoak abiadura «handian» pasatzen direnez eta bertatik jende asko pasatzen denez ibilgailuen abiadura geldotzeko sakonguneak jarriko dituzte.

Honetaz guztiaz gain, iaztik hasitako zenbait obren amaiera ere 2014ko aurrekontuetan txertatu dute. Batetik, iaz hasitako saneamenduaren obrei amaiera emango zaie. Bestetik, udaletxearen atzean zeuden txabolak kendu, lekua egokitu eta udaletxe aurreko parkea bertara eraman dute, beste zenbait jolas berri ere gehituz.

Azkenik, gogoan dituzten, baina, oraindik noiz egin erabakitzeke dituzten beste bi obra ere badituzte. Lehena, Atxulondo kultur etxean igogailua jartzearena da. Inbertsio hau, ordea, ez dakite 2014an gauzatu ahal izango duten. Diru laguntzak badaude aurten burutzea «errazagoa» izango dela uste du Lizarragak. Hala ere, badakite «egin beharreko» lan bat dela eta aurten ez badute burutzen, hurrengo urtean egingo dute. Bestalde, gauza bera gertatzen da Elbarrena plazako estalkiarekin ere. Plaza osatzeko proiektua jende aurrean aurkeztean, bilerak egin ziren herritarrekin eta bertan ateratako proposamena izan zen estalkiarena. Eremua «finkatuta dago», proiektua egina dago eta «prest dago» jartzeko, baina, aurrekontua mugatua denez, hurrengo urterako «utzi» beharko dutela uste du Lizarragak.

Zorpetzeari aurre egin nahian
Zizurkilgo aurrekontuetan atal «garrantzitsuena» maileguena da; %10a, hau da, 300.000 euro inguru, hain zuzen ere. «Udalean sartzean zorpetze maila oso handia» zela dio Nerea Lizarragak. Horregatik, legealdi honetan, legez ezin badute ere, argi zuten ez zutela mailegurik eskatuko. 1998tik 2010era Zizurkilgo udaletik «hamar» mailegu eskatu zirela dio Lizarragak, 2003tik 2010era urtero bat. Guztira 4.093.000 euro Lizarragaren arabera. Legealdian sartzean zor hori oraindik 2.879.000 eurotan zegoela zehaztu zuen. 2013an Foru Aldundiaren diru funtsetik «gehiegi» emandako dirua «itzultzen» aritu dira; urtero 130.000 euro horretara bideratuz.  

Honela, diru hori eta gainerako maileguak ordaintzeko bideratutako diruarekin, 2014ko martxoaren 25ean zuten zorra 2.081.359 eurotakoa izatea lortu dute. Eta aurrera begira ere zorpetze maila hori jaistea dute helburu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!