Larunbatean agurtu zuten behin betiko zizurkildarrek Elbarrena auzoko ikur izan den Teodosioenea etxea. Ehun urte egin ditu herriko erreferentzia izan den eraikinak zutik eta Almorzatarren bost belaunaldi jaso ditu historian zehar. Baina, esan bezala, larunbat goizean goiz eraitsi zuten etxea.
Ikusmin handia sortu zuen eta herritar asko bertaratu ziren lehen ordurako nola eraisten zuten ikustera. Teodosioenea botatzera zihoazela jakitean, Hernandorena Kultur Elkarteko kideek Teodosiok zutik emandako ehun urte luzeak gogora ekartzea erabaki zuten. Honela, hainbat artxibotan eta herritarren artean bildutako eta osatutako historia, 62 orritako liburu batean biltzea erabaki dute. Izan ere, 100 urtetik gorako historian bost belaunaldi bertan bizitzeaz gain, maizter moduan ere herrian oso ezagunak izan ziren hainbat pertsona bizi izan ziren bertan.
Teodosioenea eta Almorzatarrak, Zizurkilgo Elbarrenako ikur baten historia izenburupean argitaratuko dute egindako lana, eta datorren astetik aurrera herriko etxe guztietara banatuko dute doan. Izan ere, euren helburua herriko historia herritar guztiei helaraztea da. Interesa duen orok, liburua internetetik jaitsi ahal izateko aukera ere izango du, helbide honetan: https://db.tt/EcSd3Kt7.
Teodosio Zizurkilen
Teodosioeneak izen hori etxea eraiki zuen Teodosio Almorzari zor dio. 1864an Urnietan sortu zen Teodosio, baina 1889ko uztailean Tolosan ezkondu zen gazterik Aizarnako Jesusa Etxaide Etxeberriarekin. Ezkonberriek Tolosan bertan eman zituzten lehen urteak eta bertan jaio zen euren lehen alaba: Joana Frantziska.
Ezkondu eta hiru urtetara bikotea Zizurkilera joan zen bizitzera. Hasiera batean, eraitsi berria duten Zubimusuberri etxean jarri ziren bizitzen. Hernandorena elkarteak egindako ikerketaren ondorioz, badakigu Teodosio ordurako errementaria zela eta Zubimusuberriko etxe azpian taberna zutela ere jakin ahal izan dute. Ondorengo urteetan familia ugaritu zuten, eta beste bost seme-alaba ere izan zituzten: Romana, Jose Francisco, Ildefonso, Juan eta Roman.
1900 urtean Teodosiok etxe berri bat egiteko eskaera egin zion udalari. Horretarako Gipuzkoako Aldundiari erosi zion lur saila eta badirudi etxea karreteraren ondoan eraiki nahi zutenez erabakitze baimena ere Aldundiaren esku zegoela. Hernandorena Kultur Elkarteko kideek Aldundiaren baimena jasotzen duen agiria aurkitu ahal izan dute. Baimena ekainean eman zuten. Hori bai, Teodosio Almorzari lanak amaitutakoan errepidea txukun uzteko agindua eman zioten.
Erositako lur sailarekin ez zuen aski izan ikusten denez, eta segidan zegoen lur zatia ere erosi zuen Teodosiok. Villabonatik Asteasura eta Aiara egin zen errepide berriak horretarako aukera eskaini zion. Gerora Joxe Almorzak, Teodosioren semeak, eremu horretan eraiki zuen Teodosioberria. 1906an Zubimusuberriko ostatua Teodosioenea berrira eramana zuten, orduko erroldak adierazten duen moduan. Honakoa familiaren taberna bazen ere, badirudi Teodosio ez zela bertan lanean aritzen. Hernandorena elkarteko kideek bildutako errolda guztietan bere lanbidea errementaria zela azaltzen baita. Hala ere, badirudi Teodosiok Agapito Irureta izeneko errementariarentzat egiten zuela lan.
Izan ere, 1905ean ikus daiteke azkenekoz errementari honen izena, eta ordura arte agertzen ez zen Teodosio Almorzaren izena gehitu zuten industria erroldetan. Lantegia bere gain hartu eta 27 urteetan Teodosio Zizurkilgo errementaria izan zen.
1931an hil zen Jesusa, emaztea, bihotzekoak emanda. Urtebete baino lehen zendu zen Teodosio giltzurrunetan izandako oker baten ondorioz.
Seme-alaben bizitza
Aipatu bezala, Teodosiok eta Jesusak sei seme-alaba izan zituzten Joxek, seme-alabetan hirugarrenak eta semeetan zaharrenak, aitak bezala errementari lanari ekin zion. Aita hil eta hiru urtera, 1935ean, lantokiaren gainean, Teodosioberri izango zena eraikitzeko eskaera egin zuen. Etxea ez zuen eraikia ikusi, eskaera egin eta hiru hilabetetara hil baitzen. Joakina, emaztea, haurdun zegoela geratu zen alargun. Hala ere, Teodosioberria eraikitzen amaitu zuen eta familia aurrera ateratzea lortu zuen. Eraikinaren azpian zegoen errementeriaren lokala bere anaia Joxe Galartzak hartu zuen; 1950ean Migel Zabalaren eskuetara pasako zena. Joakinaren taberna, berriz, oso ezaguna zen herritarren artean, telefono zerbitzua eskaintzen zuen taberna bakarra izan zen urteetan zehar. 1988an hil zen, Teodosionean.
Laugarren semea Ildefonso izan zen, Elipontxo gertukoentzat. Hasiera batean bere anaiarekin aritzen zen errementari, baina, errepidearen bestaldean eraiki zuen Ildefontsoenean prestatu zuen urte batzuk geroago errementeria eta han aritu zen 1959an hil zen arte. Garai batean, hortaz, bi errementari izan ziren, errepidearen alde banatan, Almorzatarrenak biak. Ildefontsoenea 1970an bota zuten eta bertan Muñope eraiki zuten.
Bosgarren semearen historia ere benetan berezia izan zen. Zurgina zen lanbidez, eta komunistatzat zuen bere burua. 1933an bere bikote Aurearekin zibilez ezkondu zen, garai hartarako oso arraroa zena. Gerra Zibila lehertu eta hilabetera, 1936ko abuztuan, Eibarren atxilotu eta Tolosako presondegira eraman zuten. Urriaren 5a arte izan zuten preso eta agiri ofizialek egun hartan aske utzi zutela dioten arren, biharamunean espetxetik atera eta falangisten esku utzi zuten Hernandorena elkartekoen arabera. Egun horretan bertan fusilatu zuten Tolosan. Bi alabei dagokienez, badirudi ez dagoela informazio askorik. Joana, zaharrena, Ameriketara joan zen. Bigarrena, Romana, ezkonduta Teodosioeneko bigarren solairuan bizi izan zen. Baina, ondorengo aztarnak galduak daude. Roman, berriz, semerik gazteena, Donostiara joan zen bizitzera eta taxi gidari aritu zen lanean.
Almorzatarrak lehen solairuan
Teodosioeneko lehen solairuan Almorza familia kokatu izan da beti. Egun arte Mikeli Goikoetxea alarguna eta haren alaba Jokine eta honen senarra, Juan Gomez, izan dira Joseba eta Itziar seme-alabekin bertan bizi izan direnak. Eurek izan dute Teodosioko estankoaren ardura. Mikeliren gizona zen, Joan Joxe Almorza, sukaldari lanetan ibili zen kanpoan. Donostian lanean ari zela, tabakoa saltzeko lizentzia lortu zuen eta ordutik Almorzatarrek kudeatu dute Teodosioko estankoa.
Maizter ezagunak
Familia beti lehen solairuan bizi izan da, eta bigarren eta hirugarren solairuan maizterrak bizi izan dira Teodosion. Maizter horietako batzuk herrian oso ezagunak izan diren pertsona batzuk dira. Esate baterako, Marina Fernandez maistra eta Joxe Antonio Albero mendizalea. Marina Fernandez asteasuarra zen jaiotzez. Gaztea zela umezurtz geratu zen eta familiarekin bizitzera joan zen Teodosioeneko hirugarren solairura. Udalak Fraisoroko eraikinean eskola prestatu zuenean, Marinak irabazi zuen Foru Aldundiak hango maistra lanetarako deitu zuen lehia. Neskak eta mutilak elkarrekin aritzen omen ziren Fraisoroko eskola hartan, orduan ohikoa ez bazen ere.
Gaur egun eskola zaharrak edo ikastola bezala ezagutzen den Elbarrenako ikastetxea 1933. urtean egin zen. Marina Fernandez izan zen nesken maistra eta Joan Imaz mutilen maisu. Joxe Antonio Alberori dagokionez, berrogeigarren hamarkadan Zizurkilera iritsi zen. Ordutik, Joxek eta haren amak Teodosioenea izan zuten bizileku. Joxe erlijio gizona zen, eta disfrutatzeko eta zoriontsu izateko gutxi behar zuela zioen. 101 urte zituela hil zen, 2007an. Edonola ere, Joxe oso pertsona ezaguna zen herrian. Oso ibiltaria zen eta batetik bestera oinez ibiltzen zen. Bera izan zen 1925ean 14 orduko mendi martxa egin zuen lehen 14 mendizaleetako bat. Eta 82 urte zituela parte hartu zuen azkenekoz 14 orduetan, 1988an.