Hamabigarrena ere antzerkia «sustatzeko» helburuarekin dator

Maier Ugartemendia 2014ko martxoaren 18a

Bihar, Elbarrenako plazan eskainiko den obra berrian kale antzerkiaz gozatzeko aukera izango da

Atzo, Valentziako El Teatre de L'Home Dibuixat taldeak eskainitako Harriz harri obrarekin eman zioten hasiera Zizurkilgo XII. Antzerki Asteari. Irudimena lantzeko aukera bikaina izan zuten aktore bakarreko emanaldi honetan. Urtero antzerki astea apirilean ospatzen badute ere, aurten martxora aurreratu dute, Valentziako antzerki talde hau Euskal Herrian egiten ari den bira probesteko asmoz. Jose Mari Luengo alkateak ostiralean egindako aurkezpenean azaldu bezala, antzerki aste hau sortu zuen taldea «desagertu» egin zen; baina, ez antzerkirako «afizioa». Harrobia «lantzen» jarraitzen dute.

Alaitz Ormazabal zinegotziak ere antzerkia sustatzearen beharra azpimarratu zuen. Haur eta gaztetxoen parte hartzeaz gain, «adin guztietako» herritarrengana iritsi nahi dute. Izan ere, badirudi adin batetik aurrera ez dela hainbeste kontsumitzen antzerkia, «batez ere herri txikietan». Hortaz, antzerkia herritar ororena iristeko helburuarekin, aurtengoan antzerkia kaleraino iritsiko da.

Hurrengo saioa gaur bertan izango da eta, 9 eta 11 urte bitarteko haurrek euskal mitologia oinarri duen misterioz eta umorez betetako emanaldi batez gozatzeko aukera izango dute.

Baina, agian, aurtengo berrikuntza emanaldi berezienetako bat bihar bertan, pintxo potearekin bat eginez, eskainiko den kale antzerkia izango da. Trapu Zaharrak taldeak Ametsetan bizi obra berria eskainiko du. Konpainiaren ezaugarrietako bat gaur egungo gaiak jorratzea da eta orain ere helburu hori xede dutela, egoera ekonomikoaz eta langabeziaren inguruan mintzatuko dira.

Ostegunean, berriz, txontxongiloak eta aktoreak batzen dituen ikuskizuna izango da. Eta azkenik, urtero bezala, amaiera emateko Otaño eskolako haurrak igoko dira taula gainera. Honela, Zizurkil «antzerki leku» bilakatu nahi dute antolatzaileek, eta jende guztia bertaratzera animatu dute.

 
 

XXII. Antzerki Astea

  • MARTXOAK 18, GAUR: 11:00. Galtzagorriei to, Inaxito! Atxulondo kultur etxean.
  • MARTXOAK 19, BIHAR: 20:00. Ametsetan bizi, Trapu zaharrak, kale antzerkia. Elbarrenako plazan.
  • MARTXOAK 20, OSTEGUNA: 17:15. Bikokote, Iriarte kultur etxean.
  • MARTXOAK 21, OSTIRALA: 11:00. Pedro Mari Otañoko haurrak antzezle Atxulondo kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!