Gazteen arteko bilgune den festa finkatzen ari da

Maier Ugartemendia 2014ko mar. 13a, 10:43
Gazte Eguna ospatuko dute larunbat honetan Zizurkilen. Duela hiru urte hasi ziren festa hau antolatzen, Txepetxa gazte asanblada sortzeko ideia sortu zenean lehenengo helburu gazte egun bat antolatzea izan zen. Aurtengoa jada hirugarren urtea izango da eta Unai Mendizabal antolatzaileetako batek dioen bezala jada «esperentzia pixka bat» hartua dute. Festa finkatzen ari denaren adibide, iaz 90 lagun bildu izana bazkaritan.

Hasieratik herriko gazteen arteko harremana bultzatzea izan du festa egun honek. Izan ere, Mendizabalen hitzetan «Zizurkil Goian festetan eta, giroa sortzen joan zen eta lagun talde bat» osatu zuten. Pixkanaka Zizurkil Behekoekin ere harremana sortzen joan zen eta udalaren bultzadatxoa ere jaso zuten. Honela, festaren aitzakiarekin «harremanak estutzen» joan dira, eta Mendizabalen ustez gazteen artean aurreko urteetan baino «giro hobea edo gutxienez estuagoa» dago egun.

Orain helburu bezala dute, oraindik asanbladara edo gazte eguneko taldera gerturatu ez diren gazte horiek «erakartzea». Hala ere, ziur dago, agian, antolakuntzara gerturatu ez diren gazteak larunbatean festa egunera gerturatuko direla eta «beraiek ere ondo pasako dutela». Hortaz, oraindik festan parte hartu ez duten gazteak badaude, parte hartzera «animatu» nahi dituzte. Eta larunbatean festan parte hartu nahi duen orok aukera zabalik du oraindik. Bazkarirako txartelak, esate baterako, 15 euroan daude salgai Iriarte, Zentroa eta Egarri tabernetan eta asanbladako kamixetak Zentroan daude salgai 12 eurotan.

Egitarau originala antolatu dute larunbaterako, «kanpoko jendea erakartzeko zerbait berria egitea pentsatu genuen». Jada dena prest dute, eta «saltsa pixka bat» sortzeko gogoz daude. Beraz, gonbidapena zabalik dago bertaratu nahi duten guztientzat, eta nahi duenak goizaldera arte festa giroan ibiltzeko aukera ere izango du.
 

 
 

III. Gazte Eguna; martxoak 15, larunbata

11:30. Herriko gazteen indar erakustaldia:


· Baso mutilen lehia.

· Gurpilarekin elizari buelta.

· Traktorea ea plazara nork eraman azkarren.

Ondoren. Txepetxaren jaitsiera.

14:30. Gazte bazkaria.

18:00. Txerri harrapaketa, Lartingo zelaian.

Ondoren. Triki poteoa.

21:00. Xolomo afaria, zimiterioan.

22:30. Kontzertuak: Berri Tzarrak eta Zesuma.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!