Aitziber Ibarbia korrikalaria omenduko dute Txapel Egunean

Maier Ugartemendia 2014ko mar. 6a, 10:48
Martxoaren 8an egokituko den Txapel Egunerako herritar guztientzat ekitaldiak antolatu dituzte.

Martxoko bigarren larunbatean ospatzen dute Txapel Eguna Zizurkil Goian. Jada XXI. edizioa izango da honakoa. Eta ekimen hau, herri giroan parte hartze aktiboa duen bizilagun bat omentzeko helburuarekin sortu bazen ere, Zizurkilgo festa batzordetik egun honek aldaketa bat behar zuela ikusi zuten. Orohar herritar helduak izan dira sarituak orain artean, «herri giroan pertsona maitagarriak». Baina, herritar mota hau amaitzen ari dela uste dute eta gero eta zailagoa egiten zitzaien horrelako saridunak aurkitzea.

Iaz XX. urteurrenarekin bide bat amaitzea erabaki zuten. Horregatik, duela 20 urte Txapel Eguna sortu zutenei txapela ematea erabaki zuten.

Festa Batzordean ez dute egun honen jarraipena jarri zalantzan, baina, aurrerantzean aldaketa batzuk egitea erabaki dute. Hemendik aurrera txapela emango da «horretarako hautagairik ikusten bada baina, litekeena da urteren batean ez ematea». Eta horrez gain, ez da orain arte bezala ibilbide oso bat sari izango. Une jakin batean arrazoi edo aitzakia bat medio pertsona bat saritu nahi delako sarituko da. Zuen pisua «kendu» nahi izan diote txapelari.

Aitziber Ibarbia omendua

Aldaketa garai hauetan AItziber Ibarbia korrikalari zizurkildarra omentzea aukera «egokia» izan zitekeela pentsatu zuten. Kirol mailan «goren-gorenean» dabil mendi lasterketetan eta gainera, «ibilbide bat» ere egina du: «zortzimilako bat igo zuen 2006an eta urteak daramatza herrian atletismoa erakusten». Aurten bi talderen ardura du; gaztetxoena eta ostiraletan korrika saioak egiteko geratzen den emakume taldearena. Gainera, saio hauek «arrakasta» handia izaten ari dira emakumeen artean. Horregatik, aurten Emakumearen Nazioarteko Egunarekin bat egin duen Txapel Egunean aproposa ikusi dute herriko emakume honi omenaldia egiteko.

Bestelako aldaketei dagokienez, aurtengoan menua aldatu dute «jende gaztea erakartzeko» eta arrain zopa eta oilaskoa izango dira, besteak beste. Afarirako txartelak 22 euroan salgai izango dira Zentroan eta Iriarte jatetxean, eta hauek eskuratzeko azken eguna izango da gaurkoa. Afarian zehar jarriko zaio txapela Aitziber Ibarbiari «2014ko txapeldun gisa». Gainera, Zizurkil Goiko festetan berak izango du lehen suziria botatzeko ohorea. Haurren parte hartzea bultzatzeko, berriz, Bukalai dantza taldearen emanaldia izango da aurtengoan.

Azkenik, Festa Batzordetik bertaratzen direnei txapela jantzita joateko eskaera egin dute.

 

XXI. Txapel Eguna, martxoak 8

 

  • 16:00. Txapeldunen Mus Lehiaketa egingo da Zentroan.
  • 18:00. Bukalai dantza taldearen emanaldia Pedro Mari Otaño plazan.
  • 19:00. Bertso poteoa Unai Mendizabal eta Aritz Mujikarekin.
  • 20:00. Txapela jaurtiketa lehiaketa. Irabazleak sari berezia izango du.
  • 21:00. Txapeldunen afaria Zentroan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!