Bideragarritasuna hobetzeko lanek aurrera egin dute

Maier Ugartemendia 2014ko ots. 26a, 10:12
Elizaren atzean egingo duten aparkalekuaren lanak egiten ari dira egun hauetan
Zizurkil Goian hirigintzari lotutako eta herritarren bideragarritasuna hobetzeko hainbat obra egiten ari dira: udaletxearen eta eskolaren arteko parkea, plazara heltzeko espaloia eta plaza ondoko aparkalekua. Lanak jada amaitzeko prozesuan daude, martxoaren hasierarako amaituak egotea da helburua.

Saneamenduaren obren bigarren fasea burutzen ari dira egun. Bigarrena amaitzean Zizurkil Goiko saneamendua amaitua egongo da. Hirugarrena ere aurten egitea «espero» dute Joxe Mari Luengo alkatearen esanetan.

Lan honi jarraipena emanez, eta bizilagunen eskaerei erantzunez hainbat gaiei irteera ematen ere saiatu dira. Plazara bidera doan errepidearen inguruan bizi diren bizilagunek hainbat kexa zituzten: «autoak abiadura handian pasatzen zirela, euri asko egiten zuenean errepidera ura ateratzen zela...». Egoera honen aurrean, udala Foru Aldundiarekin harremanetan jarri zen, eta lortutako diru laguntzei esker «ura bideratzeko» eta «paseoa egiteko» aukera izan dute. Honela, oinezkoentzat beheraino doan bide bat egokitu nahi izan da. Izan ere, bide horretan oinez jende asko ibiltzen da eta eskolako umeak ere oinez joaten dira. Errepidea ez zegoen «egoera onean» eta «arriskutsua» izan zitekeen; horregatik, Luengok azaldu bezala «egin beharreko» obra zela argi izan zuten.

Parkearen proiektua obra hauek baino lehenagokoa da. Plan orokorraren baitan, hirigintza proiektu bat egina dago; bertan etxebizitza batzuekin batera egin beharreko errepide eta parke bat egitea aurreikusten ziren. Baina, «gaur egun zein egoeratan gauden ikusita etxebizitza horiek egiteak zentzu handirik ez dauka» Luengoren ustez.

Errepidearen proiektuak ere gastu handia suposatuko luke, eta «gainditu ezinezko» proiektu moduan ikusten dute udalean. Hortaz, proiektu hau guztiz egitea ezinezkoa zela ikusi zuten, udaletxea «zorpetua» baitago; baina, jada nahikoa luzapen izan duen arren parkea egiteko «beharra» zegoen. Aspalditik «gurasoen eskaera» zen, eta horrez gain, parkea berritzeko %60ko diru laguntza eskuratu zuten. Honela, udaletxearen eta eskolaren artean zeuden eta eskolako haurrek eta herriko gazteek erabiltzen zituzten eraikin prefabrikatuek erabilera egokia ez zutenez, eta «etekin gehiago ateratzeko» helburuarekin, umeentzako parkea jartzea erabaki zuten.

Eraikin prefabrikatuak kentzean lur eremua egoera txarrean zegoela ikusi zuten eta lurra eta parkea berritzea erabaki zuten. Lehen eremu txikiagoan zeuden parkeko zenbait joko berrerabiliko dituzte eta beste zenbait, berriz, berriak jarriko dituzte. Helburua lekua biziberritu eta parkeari erabilera gehiago ematea da.

Herrigunea oinezkoentzat

Hirigintza proiektu horren baitan dagoen errepidea egiteko beharra ere «aspaldidanik» herritarrek duten eskaera bat da. Zizurkil Goiko eremua pixkanaka oinezkoentzat egokitzea litzateke asmoa. Eta aurrekontuek asmoak «luzatu» dizkieten arren, Luengok pixkanaka gauzak egiten ari direla azpimarratu du. Aipatutako obra hauen artean dago aparkalekua berritzeari dagokiona ere. Eta honela hirigintza planean aurreikusita zegoen eta oraingoz egingo ez den errepideari alternatiba bat bilatu nahi izan diete nolabait. Aparkalekura doan bidea zabaldu eta asfaltatu egingo dute. Honela, autoek plazan aparkatu beharrean aukera izango dute udaletxe atzeko eremuan aparkatzeko. Eta joan-etorriko bidea egingo denez autoek ez dute plazatik pasa beharra izango. Bi helburu beteko dira, hortaz. Batetik plazako trafikoa «murriztea». Eta bestetik, lehen aipatu bezala, herrigunea oinezkoentzat egokiagoa bilakatzea.

Guzti hau abian duten bideragarritasun planarekin lotu daiteke eta ildo honetan egin dira Zizurkil beheran beste hainbat obra: Oria paper fabrikaren ondoan egindako aparkalekua, Bulandegi bidean egindako pasealekua edota pasealeku honetan jarritako autobus geltoki berria, esate baterako.

 

 

Zizurkil XXI. S.A. desegitea erabaki du Udalbatzak

Zizurkil XXI S.A. enpresa 2010ean eratu zuen orduko Udalbatzak. 2013ko azken Udalbatzan ordea, abenduaren 26an, enpresa hori desegitea erabaki zuten aho batez, bertan ziren Bildu eta EAJko zinegotzien aldeko botoekin. Joxe Mari Luengo alkateak azaldu zuenez, «bere garaian, etxegintza operazioei lotuta erakunde publikoetatik horrelakoak sortzeko bultzada egon zen. Guk ez dugu bat egiten eredu horrekin, eta orain inoiz baino zentzu gutxiago dute». Gainera, «erabilerarik ez zitzaion ematen». 2010an Esarbe aholkularitza etxearen bidez sortu zen Zizurkil XXI S.A. eta urteotan ez du aktibitaterik izan. «35.400 euroko gastua egin zuen udalak enpresa sortzen. Gastu hori legealdi honetan ordaindu behar izan da, beste hainbat gastu bezala».

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!