"Suchitoton emakumeen eskubideen aldeko lan asko egiten da"

Maier Ugartemendia 2014ko ots. 25a, 09:35
Pedrina Rivera alkatea, Zizurkilen
Ez da ohikoa El Salvadorreko hiri handi bateko alkatea emakumea izatea. Pedrina Rivera Suchitoto hiriko alkatea da eta ondo ezagutzen du emakumeek herrialde honetan egiten ari diren lana. Gaur, 19:30ean, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean ‘Emakumeen Mugimendua El Salvadorren’ hitzaldia eskainiko du. Izan ere, Zizurkil eta Suchitoto senidetuta daude. Herriko Mikel Arrastoak azaldu du senidetzearen inguruko xehetasunak.

Zer aurkituko dugu gaurko hitzaldian?
El Salvadorreko emakumeok nola bizi garen azalduko dut. Emakumeok baztertuak eta diskriminatuak gauden sistema batean bizi gara. El Salvador istorikoki borroka luzea bizi izan duen herrialdea izan da: 1954ra arte emakumeok ezin izan genuen bozka eman, hamarkada bat geroago hasi ginen erabakiak hartzeko espazioetan parte hartzen. Betidanik emakumeak esparru pribatuan lan egin behar dutela esan izan da. Aldiz, esparru publikoa gizonezkoena izan da beti. El Salvadorren emakumeen eskubideen alde egin dute erakunde eta pertsona asko izan ditugu. 30. hamarkadan emakume ezagun bat izan genuen gure herrialdean, Prudencia Ayala. Berak arauei aurre eginez hauteskundeetan parte hartzea erabaki zuen. Ez zuen lortu, noski. Baina, gainera, oso kritikatua izan zen. Guretzako emakume erreferente bat da, aldaketak egon daitezen borrokan jarraitzeko indarra ematen digu.


Nolakoa da egun zuen herrialdeko emakumeen egoera?
Duela hogeita hamar urtetako egoerarekin alderatuz gero aurrerapauso asko eman ditugu. Suchitoto udalerri berezia da. 90. hamarkadaren hasieran San Salvador hiritik zetozen erakundeetatik emakumeenganako kontzientziazio lanak egin zituzten. Erakunde horiek berriro hirira itzuli ziren, baina, esfortzu hari esker Suchitotoko emakumeak oso antolatuak dira; oso kontzientziatuak daude emakumeen eskubideen aldeko lanarekin. Generoaren gaiarekin  oso sentsibilizatuak daude. Suchitoton emakumeen bi erakunde ditugu, nazio mailan eta nazioartean aitortuak direnak: La Coletiva Feminista eta La Concertación de mujeres. Gainera, alkatetzan genero komisio bat dugu. Komisioaz gain, berdintasun-generoaren batzordea dugu. Batzorde honek udal gobernuko aurrekontuak jasotzen ditu eta aurrekontu hau emakumeen aldeko ekimenak burutzeko erabiltzen dute. Suchitotok emakumeen parte hartzea bultzatzen duen udal ordenantzak ditu. Esaterako, komunitate baten garapena bultzatzeko elkarte bat sortzean arautegiak agintzen du emakumeen parte hartzea egon behar duela, zuzendaritzak ere emakumeen idazkaritza bat izan behar du.


Suchitoto hiri turistikoa izateak bere garapenean eragina izan du?
Garapen turistikoagatik baino gehiago jasotzen dugun lankidetzagatik izan daiteke. Suchitoto duela urte batzutatik hona Euskal Herriarekin lankidetzan ari da eta ondorioz hainbat proiektu daude abian. Munduko beste zenbait lekutan bezala, El Salvadorren biztanleriaren gehiengoa emakumezkoa da, eta garapena erabatekoa izan dadin genero berdintasunari dagozkion gai hauek ere landu beharrezkoak dira. Agian, leku hauetan pairatzen dugun pobrezia mailagatik emakumeok beste behar batzuk ditugu: oinarrizko zerbitzuak, edateko ura, energia... Suchitotok 80. hamarkadan gatazka armatu bat bizi izan zuen eta landa eremuak hustu egin ziren. Gerraren ostean, 90. hamarkada hasieran, landa eremuaren berreskurapenean lanean aritu behar izan dugu. Komunitate batean edateko ura falta denean, esate baterako, emakumeok joaten gara ibaietara edateko uraren bila; horrek arriskutsua izateaz gain, gainkarga bat suposatu dezake. Izan ere, egun etxeko lanak emakumeei dagozkie. Gizonezkoek ez dute etxean lanik egiten. Leku batean urik ez dagoenean familiako kide asko gaixotzen dira, eta emakumeak dira familiako kideak zaindu behar dituztenak. Hortaz, oinarrizko zerbitzuei dagozkien lan asko ere egin ditugu, biztanleria guztiarentzat onuragarria dena, baina, emakumeongan eragin berezia duena. Behar praktiko bati erantzunez, behar estrategiko bati ere erantzuten diogu. Emakumeak arriskutik kanpo egoteaz gain, beraiei gainkarga hori arintzen laguntzen diegu.


Eta zein euskal erakunderekin egiten duzue lan?
Euskal Fondoa lankidetza elkartearekin hainbat proiektu eman ditugu aurrera, eta beste proiektu asko ere martxan ditugu. Giza-baliabideetan laguntzeaz gain, beraien zintzotasuna eta elkartasuna nabari dugu. Gure errealitatea ezagutzen saiatzen dira. Proiektuak ditugunean bertatik bertara jarraitzen dituzte. Eta hori oso positiboa dela uste dugu. Dirua emateaz gain, proiektuei jarraipena egiten diete. Gainera, Euskal Fondoak eralazioa ez du alkatetzarekin soilik; gizarte lana egiten duten eragileekin ere harremana dute, batez ere, emakumeen erakundeekin.


Zuk esan bezala, emakumeen oinarrizko beharrei erantzuten dizkieten proiektuetan lanean ari zarete.
Gauza ugari daude egiteke, eta horregatik beharrak aztertzen dira eta larrienari erantzuten saiatzen gara. Gure herrialdean emakumeen aurkako indarkeria, psikologikoa nahiz fisikoa, oinarritik ezabatzen saiatu gara. Gure lanaren ardatz nagusia izan da honakoa. Horretarako sentsibilizazio kanpainaz gain, formazioan ere lan egin behar da.


Ez da ohikoa izango honelako hiri garrantzitsu bateko alkatea emakumea izatea, ezta?
Emakumezko alkate oso gutxi daude herrialdean. Suchitotok lehen aldiz emakumezko alkate bat dauka eta lehen aldiz kontseilu parekide bat du; hamalau kidetatik zapi emakumeak gara. Emakume hauek egiten duten lana bereziki miresgarria da.


Zaila da beraz, emakumeentzat egoera honetara iristea.
Lan eta esfortzu handia suposatu du guretzat. Zorionez udal kontseilua osatzen dugun kide gehienok FMNL alderdi politikoko militanteak gara. FMNL alderdiak badaki emakumeok zer behar ditugun eta zer errealitate bizi dugun. Ildo honetan, alderdiak bere estatutuetan jasotzen du funtzionarioen %35 emakumeak izan behar dutela, eta alderdiaren barne egituretan ere gauza bera gertatzen da. Legebiltzarrean diputatuen %40a dira emakumeak.  Emakumeen errepresentazio handia duen talde parlamentaria dugu eta FMNLko militante moduan harro gaude.


Mugimendu feminista indartsu dago Suchitoton?
Oso aktiboa da. Suchitoton emakumeen eskubideen alde lan asko egiten da. Egunero indartzen eta sendotzen ari dena, eta aurrera goazela uste dut. Inoiz amaitzen ez den lana da. El Salvadorren izan genuen patologia bat zuen eta haurdun zegoen emakume baten kasua, Beatriz izena zuena. Bere haurrak gaixotasun larri bat zuen eta jaio eta berehala hilko zen. Zenbait instituzio Beatrizek abortatzearen aurka zeuden. Gaia agenda nazionalean egon zen.  Suchitotoko emakumeak elkartasuna adieraziz bere kasua babestu zuten, eta herrialdeko hainbat lekutara jo zuten. Kasua azkenean nazioartean zabaldu zen. Eta honi esker, zenbait funtzionariok eta instituziok Beatrizen aldeko mugimendu bat abiatu zuten herrialdean bertan. Eta honetan zerikusi handia izan zuen Suchitotoko emakumeek egindako lanak.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!