Joxe Arregi

Torturaren kontrako astean aurreikusitako helburuak gainditu direla esan du Zizurkilgo Udalak

Ataria 2014ko ots. 18a, 12:39

Zizurkilgo Udalak bere poza azaldu du “Torturaren Egia: Itzaletik Argira” jardunaldiek emandakoagatik.

Hasierako helburuak bete ez ezik, gainditu direla esan du. "Hitzaurrean aipatzen zen bezala, iragan hurbileko biolentziari begiratzeko orduan, ezkutuen dagoen errealitatea da tortura, eta honenbestez, errealitate hori azaleratzea zen helburu nagusia", esan du.

Bide horretan hiru solasaldiek izandako mamia nabarmendu dute: "Hiruretan, jendearen erantzuna bikaina izan da, eta baita igandeko ekitaldi nagusian ere. Alderdikerietatik haratago, biktimetan oinarritutako jardunaldiak izan dira, torturaren dimentsioa erakutsi dutenak, inpunitatea salatu, familien mina azaleratu eta behingoz aitortza eta erreparazioa eskatu torturatutako milaka herritarrentzat, bereziki Joxe Arregi bezala, torturaz hil zituzten guztientzat".

Era berean nabarmendu du zizurkildar bat baino gehiago orain ausartu da torturatua izan zela kontatzera. "Gaur egun jasota dauden tortura kasuak asko izanik ere, uste baino sakonagoa eta zabalagoa da torturaren orbana, eta horrek egin beharreko lana hasi besterik ez dela egin erakusten digu".

Zentzu honeta, aste honekin batera egokitu den Eusko Legebiltzarreko ebazpena lanabes egokia izan daitekeela esan dute, eta txalotu Legebiltzarrak torturatuen inguruko txostena egiteko erabakia hartu izana. "Iruditzen zaigu bide luze baten hasiera dela, aitortzatik hasi eta erreparaziora iristeko. Mota honetako ekitaldi gehiago beharko dira zalantzarik gabe", esan dute.

Aurrera begira Zizurkilgo Udalarentzat gertuko biolentziari erreparatzeko orduan lehen urratsa izan dela hau esan dute, eta orain alderdi politikoekin eta memoriaren inguruan lan egiten duten herriko eragileekin bat, herrian izan ditugun beste biolentziak aztertzeko lanean hasiko direla, "etorkizuneko elkarbizitza sendoa helburu hartuta".

Amaitzeko udaletik eskerrak eman nahi dizkiete hizlariei, ekitaldian parte hartu zutenei, jarraipena egin duten komunikabideei eta laguntzaile izan diren guztiei.

Erlazionatuak

Torturaren argietatik itzaletara

Maier Ugartemendia 2014 ots 13 Zizurkil

Torturaren egia azalera

Imanol Garcia Landa 2014 ots 09 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!