Euskal blues taldeak entzuteko aukera izango da hamabigarren blues gauean

Maier Ugartemendia 2014ko ots. 12a, 10:18
Blues kontzertuen ostean, blues, soul eta rock-and-roll musika jarriko duen DJ saioa izango da

Atzo Donostian aurkeztu zuten hilaren 15ean izango den Zizurkilgo Blues gaua. Jada jaialdi honen hamabigarren edizioa izango da honakoa eta 23:00etatik aurrera, herriko hiru tabernetan blues musika lantzen ditun hiru talderen musikaz gozatzeko aukera izango da.

Aurreko edizioetan izandako arrakastaren bidetik, larunbat honetan «herriko ostalari batzuen lankidetzarekin» eta udalaren «babesarekin» bluesaz gozatu ahal izango da. Egitasmoei jarraipena emateko zailtasunak ugariak diren garai hauetan, udalak «aurrera egin» eta «jada klasikoa bihurtu den hitzorduarekin» bat egin du.

Blues musikaren jaialdi honetan, herriko hiru tabernetan «blues musika moldeen hotsak» entzuteko parada izango da, «jatorri desberdinetatik sortutako hiru talderekin». Gainera, azken kontzertuaren ostean, Blues, soul eta rock-and-roll musika jarriko duen DJ baten saioa ere izango da, eta ez da sarrerarik ordaindu beharko.

Hiru talde

Aurreko urteetan ere maila handiko taldeak aritu izan dira Zizurkilgo blues gauan: Tonky Blues Band, Naco Goñi, 3000 Hombres, Big Mama, Bleceblues, Los Gatos Bizcos, etab.

Aurtengoan taldeak Euskal Herritik eta Espainiako estatutik etorriko dira. Gaueko lehen taldea, De 2 En Blues Band seikote beteranoa izango da. Nafarrak zuzenean entzuteko aukera gutxi izaten den arren, iaz Donostiako Jazzaldian izan ziren. Zizurkilen hirugarren diskoa aurkeztuko dute.

Edu Manazas eta Emilio Arsuaga, berriz, egun espainiar estatuan dagoen «proposamen interesgarrienetako bat» da antolatzaileen esanetan. Eta indar berezia dute akustikoan. Azkenik, Travellin Brothers talde bizkaitarrak Euskal Herriko blues «esportagarriena» eskainiko dute. Euren seigarren diskoa, Magnolia Route aurkeztear, Zizurkilen aurre estreinaldia egingo dute. Honenbestez, blues doinuak gustuko dituen edonork, larunbatean Zizurkilen gozatzeko aukera bikaina izango du.

 

Egitaraua

OTSAILAK 15, LARUNBATA

De 2 en Blues Band. Atxulondo tabernan eskainiko du kontzertua, 23:00etan.

Edu Manazas & Emilio Arsuaga.

Pasus tabernan, 00:15ean.

Travellin' Brothers. Egarri tabernan, 01:30ean.

Ondoren. Blues, Soul eta rockanroll musika jarriko duen DJ saioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!