Herriaren irudikapena plazara

Imanol Garcia Landa 2014ko urt. 21a, 20:12
Zizurkilgo Elbarrenako plazak aldaketa handia izan du azkenaldian. Etxebizitzen eraikin berria dago eta plazaren urbanizatze lanak amaitzen ari dira. Hain justu, plazaren diseinu berriak horma luze bat utzi du agerian eta udaletik hori aprobetxatzeko aukera ikusi dute, mosaiko batekin dekoratu eta herriko nortasuna erakusteko.

Leire Zubeldia Parte Hartze batzordeko zinegotziak azaldu duenez, «Hirigintza batzordetik ideia atera zen horma horretan zerbait egitea plazari kolorea emateko, muralen edo mosaikoren bat. Parte Hartze batzordeak ideia hori bere egin eta pentsatu genuen herriko erdigunean egongo dena denon artean erabaki eta denon artean sortu behar genuela». Otu zitzaigun prozesu hau irekitzea.
Horrela prozesu bat irekitzea otu zitzaien eta aurreko astean egin zuten bilera irekia herritarren ekarpenak jasotzeko. Zubeldiak azaldu duenez, «Joxe Mari Luengo alkateak eta biok aurkeztu genuen asmoa, eta segituan hasi zen jendea ideiak botatzen. Gustura atera ginen bilera horretatik eta ideia batekin: horma horretan konposizio bat egingo litzateke, irudi ezberdinek osatuko dutena. Erabaki genuena izan zen Zizurkil festa giroan irudikatu behar zuela konposizio horrek, Elbarrenako irudia den melokotoitik hasita; bestalde, Zizurkil Goiko eta Beheko jendea, pertsonaiak, eta etorkinak ere bai; horrez gain euskal kulturak, kalejirak, trikitiak,... bere lekua izango du».

Martxoaren bukaerarako
Plazarako hasieran aurreikusita zegoen proiektuak aldaketak izan ditu, «herritarren parte hartzearen bidez», zehaztu du Zubeldiak. Hain justu, aldaketetako bat izan da Teodosio etxearen ondoan geratzen zen ezponda moduko bat kentzea, eta horma bat uztea, gaur egun obratan dagoena. Horma horretan joango da egin nahi den irudia.  
«Herrian bertan murala hasi eta bukatzea gustatuko litzaiguke, hau da, herritarren artean egitea konposizioa eta aplikazioa», esan du Zubeldiak. «Baina arkitektonikoki eta denbora aldetik muga batzuk ditugu, plaza egiten ari den enpresari dagokio mural hori ordaintzea. Beraz, beraiek jartzen dituzten baldintzetara moldatu beharren gaude». Zabaldu duten parte hartzea, beraz, gaira mugatuta dago, Zubeldiak argitu duenez: «Udaletik jarritako baldintza bakarra batzorde horretan muralak Zizurkil kohesionatu bat irudikatu behar duela izan da».
Hurrengo pausoa murala egin behar duen Karlos Zabala usurbildarrarekin elkarbanatzea izango da. «Berak egin zituen Usurbilen eta Orion dauden muralak, eta orain pauso horretan gaude», esan du Zubeldiak. «Berarekin bildu eta azalduko dizkiogu bilera horretan hitz egindakoak, eta hortik berak egingo du proposamen bat. Hori partekatuko dugu prozesu honetan parte hartzen ari direnekin eta herritarren oniritzia daukagunean, murala gauzatzen hasiko ginateke». Plaza egiten ari den enpresak badauzka legalki epe batzuk markatuta obrak bukatzeko. Udaletik uste dute martxoaren amaierarako eginda izango dela obra guztia, murala barne.

Teodosio etxea botako dute
Plaza horretan izango den beste aldaketa nagusi bat Teodosio etxea botatzearena izango da. «Teodosio etxea bota ondoren, plaza herriaren erdigunean geldituko dela esan daiteke», azaldu du Zubeldiak. «Zaldua biribilgunetik pasatzen dira Adunatik eta Asteasutik datozen kotxe guztiak, eta oinezko asko ere pasatzen dira ingurutik. Egun plaza Teodosio etxeak estaltzen du. Hori bota ondoren, plazak argitasuna irabaziko du, eta horri esker herriaren erdian geratuko litzaiguke plaza. Horregatik nahi genuen mosaikoaren ideia hau herriari zabaldu eta denon artean egitea. Azken finean, herrian gehien ikusiko den lekuan izango delako».
Plaza horretatik, gainera, Asteasutik Villabonara doan bidegorria igaroko da. 2013. urtearen azken hiruhilabetekoan ia osatuta geratu zen oinezkoentzat eta bizikletentzat den Zizurkilgo bidegorria. «Falta den zatia horixe da, plazatik pasako dena, Danena futbol zelaiaren atzetik Asteasura doan bidegorriarekin konektatuko lukeen zati hori», zehaztu du Zubeldiak.
Beste prozesu batzuetan ere herritarren parte hartzea bultzatu dute udaletik, baina ez dela erraza dio Zubeldiak: «Jendea ezin da gauetik egunera ohitu, eta Parte Hartze batzordetik saiatzen gara jendeari udaleko ekimenak irekitzen, bertan parte hartu dezaten. Batzuetan informazioa eskaintzen da, besteetan, muralaren kasuan bezala, bere ekarpenak egiteko aukera izaten da. Guk hasieratik egin genuen apustua izan zen udala herritarrei gerturatu behar geniela, eta herritarrek gertu sentitu behar zutela udala». Asmo horretan Zizurkil Berregiten izeneko ekimena martxan dutela ekarri du gogora Zubeldiak: «Legegintzaldia hasi genuenetik pausoak ematen gabiltza, eta ez da agian nahi genukeen bezainbeste lortu, baina hori urteen poderioz lortuko dela uste dut».
Udal aurrekontua da egun herritarrek parte hartu dezaketen beste prozesuetako bat. «Saiatzen gara herritarrei zenbakiak erakusten», esan du Zubeldiak. «Aurreko urtean zer inbertsio egin ziren eta ixten den urteko diru kontuak erakusten zaizkie, eta gero animatu hurrengo urteko aurrekontua denon artean erabakitzera». Batzorde bakoitzak du bere partida eta batzordean bertan erabakitzen da nola banatu, eta erabaki horretan herritarren ekarpenak jaso daitezke. «Badakigu aurrekontuak oraindik eta parte hartzaileagoak egin daitezkeela, baina ez da erraza, udalaren egoera ekonomikoa muga bat baita», esan du Zubeldiak. «Iaz egin genuen lehendabizi, eta aurten ere ari gara berriro egiten, eta herritarrak animatu nahiko nituzke batzordeetara joatera parte hartzera».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!