Oihalak elkarrekin jarriz sortutako artelanak

Imanol Garcia Landa 2014ko urt. 16a, 19:08
Ikusmina sortu du Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean patchwork ikastarokoek jarritako erakusketa. «Oihal puska ezberdinak elkarrekin josiz sortzen den edozer da patchworka: koltxak, poltsak, tapizak... Garrantzi handia du diseinuak eta koloreak ondo konbinatzea», esan du Sagrario Jauregiberri ikastaroko irakasleak.

Teknika horren jatorria ez dago garbi. «Esaten da patchworkeko lehen lana Egipton sortu zela,faraoien garaian. Faraoi bat estaltzen zuen manta bat patchworkez egina omen zen. Beste batzuek esaten dute Estatu Batuetan sortu zela. Egia da batez ere Estatu Batuetan garatu dela, eta hori filmetan begiratuz gero, beti ikusten da zerbait patchworken egina», azaldu du Jauregiberrik.
Eskulan mota hori nahiko berria da inguruan. «Hemen oso denda gutxi daude patchworkean espezializatuta. Bartzelonan, adibidez, asko daude», azaldu du Jauregiberrik. Teknika ezberdinak daude, eta bakoitzak bere berezitasuna du. Erakusketako lanetan, esaterako, hamabi teknika erabili dira.
Jauregiberrik azaldu duenez, sei urte inguru daramatzate ikastaroarekin herrian. Bera amaren bitartez sartu zen patchworkaren munduan: «Nire ama erretirodunen elkartean hasi zen, eskulanen ikastaro batean. Amak laguntza eskatu zidan, eskulanekin ondo moldatzen naizenez, eta asko gustatu zitzaidan eta orain arte».
Hamar ikasle inguru daude ikastaroan. Hasiera batean patchworkaren oinarrizko teknikak erakusten dira eta gero ikasle bakoitzak erabakitzen du zer nahi duen egin. «Hasiera batean gauza txikiak egiten dira, kuxin bat adibidez, baina gero gauza handiagoekin animatzen dira», dio Jauregiberrik.
Patchworka «oso terapeutikoa» dela dio esan du irakasleak: «Niri askotan esaten didate elkartzen naizen taldeetan psikologorik ez dugula behar. Azken finean zure arazoak eta gertatzen zaizuna elkarbanatzen duzu. Jendearekin elkartuta askoz eramangarriagoa da lan hau egitea. Denbora eta pazientzia behar da, hori bai».
Erakusketa ikusi nahi duenak, ostiralean, 11:00etatik 13:00etara eta 16.00etatik 20:00etara, eta larunbatean 11:00etatik 13:00etara du horretarako aukera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!