Aitziber Ibarbiak gidatutako korrikalari taldea osatu nahi dute Zizurkilen

Ataria 2014ko urtarrilaren 9a

Bihar hasiko da Zizurkilgo Udalak bultzatutako ekimena. Emakumeak korrika egitera animatu nahi ditu udalak eta zerbitzua doakoa da

Bihar, hilak 10, hasiko dira emakumeei zuzendutako entrenamendu gidatuak Zizurkilen, 18:30ean bilduko dira Otaño eskolako pilotalekuan. Azken urteetan ohiko bihurtu dira Gipuzkoako herrietan emakume korrikalarien taldeak. Talde hauen asmoa emakumezkoak korrika egitera animatzea da. Finean, korrika egiten hasi nahi duenari egitura bat eskaintzen zaio. Beste era batera esanda, korrika bakarrik aritu beharrean kirol hau egiteko lagun talde bat da eskaintzen dena. Horretaz gain, talde hauek entrenatzaile edo gidari bat izaten dute, emakumea hau ere. Bada, Zizurkilgo Udalak ere herrira ekarri du ekimen hau eta bihar egingo dute lehen entrenamendu gidatua. Hortik aurrera, astean behin egingo dituzte saioak; ostiraletan. Bertaratzen den emakume taldearen gidari eta aholkulari lanetan Aitziber Ibarbia korrikalari zizurkildarra ariko da.

 

Doan

Izena ematea ez da beharrezkoa, eta ez da ordaindu behar. Gogoa jarri eta hitzordura azaltzea da baldintza bakarra. “Gure helburua, herriko emakumeei lagun giroan kirol hau egiteko aukera ematea da. Eta argi utzi nahi dugu, entrenamenduak ez direla lehiaketari begira izango, eta ez dela gutxieneko kirol maila bat izan behar. Korrika hasi nahi duten emakumeei zuzendutako ekimena da. Beraz, hemendik animatzen ditut denak proba egitera” dei egin du Aratz Alkorta kirol zinegotziaK.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!