Liburu bat, euro bat

Ainhoa Oiartzabal 2013ko abenduaren 21a

Bigarren eskuko liburu azokaren ingurumarian, herritar ugari gerturatu da Aurrera plazara. Liburuak ikusi, erosi eta Bukalai dantza talde berriaren emanaldia ikusteko aukera izan dute, besteak beste.

San Tomas eguna liburuaren eguna bilakatu da gaur Zizurkilen, II. liburu azoka egin baita Aurrera plazan. Bertan, bigarren eskuko liburuak erosteko aukera izan da, euro baten truke. Iaz azokaren ekimenak izan zuen arrakastaren ondotik, aurten errepikatzea erabaki du Zizurkilgo Udalak eta biltzen den dirua liburutegian liburu berriak erosteko izango da. Arantxa Zabala liburuzainak Tolosaldeko Ataria-ri adierazi dioenez, herritarrek azokan salgai jartzeko eraman dituzten liburu asko aurten argitaraturikoak dira. Liburuekin batera, txistorra pintxoak dastatzeko aukera izan da goiz osoan. Zizurkilen sortu berri den Bukalai dantza taldeak eman dio azokari hasiera, goizeko 11:00etan.

Teodoro Hernandorena Ipuin Lehiaketa

Atzo iluntzean banatu ziren Teodoro Hernandorena XII. Ipuin Lehiaketaren sariak. Guztira, 381 ipuin aurketzu dituzte bailarako haur eta gazteek. Txikienetatik hasita, seitik zortzi urte bitartekoen mailan, Iña Atxaga (1. saria) eta Mikel Rebollo (2. saria) saritu dituzte, eta Estitxu Alfonsoren ipuinari aipamen berezia egin diote; bederatzitik 11 urte artekoen mailan, Aitana Nogalesek (1. saria) eta Ane Sarasolak zein Yasmina El Oikilik (2. saria) jaso dituzte sariak eta Anne Roperok, berriz, aipamen berezia. Hamabi eta hamahiru urte artekoen mailan Sara Iriartek (1. saria) eta Andrea Lopezek (2. saria) jaso dituzte sariak; hamalautik hamasei urte bitartekoen mailan ostera, Silvia Moreno (1. saria) eta Izaskun Aizpurua (2. saria) saritu dituzte. Azkeneko mailan, 17 urtez goikoen mailan, Amaia Galparsorok jaso du lehen saria eta Lourdes Gorostegik bigarren saria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!