Bukatu da amesgaiztoa. Hilabeteko borrokaren ondoren, Marie Brizard-eko langileak lanera itzuli dira. Atzo denbora luzez bilduta egon ostean, zuzendaritzarekin aurreakordio bat lortu zuten langileek. Bada, gaur goizean langileen batzarra egin, eta erabateko adostasunarekin onartu dute zuzendaritzarekin lortutako akordioa. Hain zuzen, 42 langilek eman dute aldeko bozka, eta bat bera ere ez da aurka azaldu.
Goizeko hamaiketan itzuli dira langileak lanera, txalo eta malko artean, pozik, azaroaren 19an greba hasi zutenetik, hilabetea gogorra izan baita. Langileei lan baldintzak mantendu egingo zaizkie, behintzat datorren urte amaierara arte, lan hitzarmena blindatzea adostu baitute. Hori dela eta, zuzendaritzak ezin izango du Espainiako erreforma laborala aplikatu. Dena den, aldi baterako erregulazio espedientea jarriko du martxan enpresak, gehienez hiru hilabeteko iraupena izango duena. EEE hori, ekainaren 30ean amaituko litzateke. 55 urtetik gorako langileek, berriz, erretiro aurreratua hartuko dute. Guztira 11 dira egoera horretan daudenak.
Langileak konforme daude lortutakoarekin, eta diote "antzeko egoeran dauden lantegi eta langileentzako eredu" izan beharko lukeela beraienak. "Ez genuen espero hain azkar iritsiko ginatekeenik puntu honetara, baina borroka askoren emaitza izan da", azaldu du Mikel Martinez langileak.
Zizurkilgo Udala, pozik
Zizurkilgo Udal gobernuak zoriondu egin ditu Marie Brizard enpresako langileak hilabetean egindako borroka eta negoziaketen ostean enpresaren itxiera saihetsi dutelako. Joxe Mari Luengo alkatea langileekin izan da goizean akordioaren berri jasotzeko. "2013a urte gogorra izan da Zizurkilen. Akordio hau urtea hobeto amaitzeko behar genuen albistea da", nabarmendu du.
Udalak datozen orduetan kenduko du langileen eskura enpresa atarian jarritako etxola. Aurrerantzean ere langileen ondoan egoteko konpromisoa hartu du Luengok. "Guk argi dugu gure lekua non dagoen. Zizurkilen dagoen industria ehuna mantentzeko lanean eta okerren pasatzen ari direnen ondoan".